Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Moncloako gizon zuri jakintsua

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Saskian eskumen berri bat zuela itzuli zen Uxue Barkos lehendakaria Madrildik. Edo, hobeto esanda, eskumen baten promesarekin, oraindik ez baitago Foruzaingoaren esku Nafarroan trafikoaren gaineko ardura. Urtarrilean hasiko dira negoziazio praktikoak, eta legealdia amaitu aurretik bukatuta egotea espero dute. Beste hainbat arlotan bezala, bazen garaia. Barkosen gobernua ez da trafikoaren kontrola berreskuratzeko eskatu duen lehenengoa, baina lor dezakeena izan daiteke. Neurri bateraino harrigarria ere bada, Moncloako jarduneko maizterrekin ahaidetasun handiagoko gobernuak izan baitira Iruñeko diputazioaren jauregian, eta esku hutsik itzuli dira hamaika aldiz Madrildik —eskumen berririk ez da izan 2001etik—. Eta ez daitezela etor orain ETAren aitzakiarekin, Ertzaintza 1983az geroztik arduratzen baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errepideetako kontuez.

Zertara dator orain Pedro Sanchezek PSNren aurkari politiko bati arrakasta bat oparitzea? Keinu bat EAJri? PSNri lana erraztu nahi dio hurrengo agintaldian gobernu koalizioan sar dadin? Sanchezekozen aldarrikatzen duen fede onaren adibide bat?

Baina trafikoarena garaipen gisa hartzen badugu, porrot gisa hartu beharko dugu Barkos esku hutsik itzuli izana inbertsio planaren gaian. Oraingoz, ez du baimenik 113 milioi euroko inbertsio plana gauzatzeko, eta ez dirudi lortuko duenik; ez, behintzat, diru hori guztia erabiltzeko. Barkos-Sanchez bilera hasi aurretik, 75 milioi baimenduko zituela aurreratu zuen Espainiako Gobernuak. Negoziazioak aurrera doazela zehaztu zuen Nafarroako lehendakariak, baina bileraren ondoren Moncloak zabaldutako agiriak argi utzi zuen Iruñeak «kopurua txikitu» beharko duela, «defizita ekar dezakeen egoera bat ez sortzeko». Beste hitz batzuetan, Madrilek gogorarazi du berea dela azken hitza, horretarako ahalmena ematen diotelako Egonkortasun Legeak eta gastu arauak.

Proposamen zuhurra

Inbertsioetarako kopurua mugatzea are mingarriagoa da ikusita berez zela zuhurra Nafarroako Gobernuak laukoarekin adostutakoa. 215 milioi zituen gastatzeko —iaz hitzarmen ekonomikoari buruz Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioari esker lortutakoa—, eta horietatik 102 milioi zorra txikitzera bideratu nahi zituen Barkosen gobernuak. Ziur gobernua babesten duten alderdietako batzuk nahiago zutela diru guztia inbertsioetarako erabili, non gastatu badagoelako. Baina zentzuzkoa ere bazen aparteko diruaren zati bat erabiltzea zorra txikitzeko. Handia baita Nafarroaren zorra —3.743 milioi euro, Espainiako Bankuaren azken kalkuluen arabera, 5.800 euro nafar bakoitzeko—, eta handia baita zor horri aurre egiteak urtero Nafarroari eragiten dion kostua ere —496 milioi 2017an; horietatik 330 milioi iraganeko zorra berritzeko, eta beste 166 milioi defizita estaltzeko—. Kopuru ulergarriagoetan, iaz Ogasunak bildutako diruaren %9,7 joan zen zorrak pagatzera, eta ez gastu produktiboago batera.

Hurrengo krisia ate joka agian ez, baina gero eta hurbilago sumatzen den honetan, ez dago sobera zama arintzen hastea. Baina etsigarria da erabakia norberak ezin hartu ahal izatea, Madrilgo gizon zuri jakintsuaren baimenaren menpe egotea ustez finantza aldetik burujabea den gobernu bat. Batez ere, ikusita hark zein trebetasun eskasa erakutsi duen bere kontuak txukun mantentzeko.

Nafarroari ez ezik, Espainiako legeen soka estuek beste erakunde publikoei ere egiten diete traba. Jaurlaritzari, esaterako. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak 371 milioi euro gehiago gastatu nahi ditu 2019ko kontuetan, baina euro bakar bat gehiago ez, horixe baita gastu arauak jartzen duen gehieneko muga. Kopuru horrek ekar dezake aurtengo kontuak luzatu behar izatea, EH Bilduk 420 milioi gehiago gastatzeko eskatu baitio aurrekontuak pasarazteko; hortik gora, berriz, Ahal Dugu-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.