GEURE KONTU

Borroka irabazi, gerra galtzeko

Margrethe Vestager, asteazkenean, Bruselan.
Margrethe Vestager, asteazkenean, Bruselan. OLIVIER HOSLET /EFE

Iker Aranburu -

2019ko otsailak 10
Datorren udan Jean-Claude Juncker ordezkatzeko hautagaien artean dago Margrethe Vestager. Aste honetan bertan haren alde egin du The Economist aldizkariak. Badu, ordea, handikap bat, ALDE talde liberalekoa dela, Europako Legebiltzarreko talde handienetan hirugarrenekoa, kontserbadoreen eta sozialdemokraten atzetik. Baina gehiago dira dohain gisa har daitezkeen ezaugarriak: emakumea da —orain arteko presidente guztiak gizonezkoak izan dira—, herrialde txiki batekoa da (Danimarkakoa), ez dago eskandaluetan zipriztinduta (kaixo, Juncker), eta pertsona serio baten moduan jokatzen du (kaixo berriro ere, Juncker). Borgen telesaileko Birgitte Nyborg, hein batean, Vestager buruan zutela asmatu zuten. Nyborgek bezala, Vestager bere ibilbide politikoa nahiko goiz bukatzeko arriskuan dago; Europakoa bai, behintzat. Izan ere, asko haserretu ditu EBko bi sheriff nagusiak: Alemania eta Frantzia. Aste honetan betoa jarri dio Alstom frantziarraren eta Siemens alemaniarraren bat egiteari, Parisen eta Berlinen bedeinkapen ofiziala zuen proiektu bati.

Txinako CRRC enpresa publikoaren lehiari aurre egiteko batasun bat zela aldarrikatu zuten Alstomek eta Siemensek, Airbusen moduko «txapeldun europar» bat, baina trenen sektorean —hortik datorkio Railbus ezizena—. Baina Vestagerrek esan die CRRC oraindik ez dela lehiakide Europan, ez dela luzaroan izango, eta hura iritsi bitartean beste lehiakide txikiagoak ito ditzaketela —tartean CAF gipuzkoarra—. Europarren arteko lehia, über alles.

Presio politiko handia jaso du Vestagerrek, baina inor ez da harritu amore eman ez duelako. Luzea baita komisarioaren zorroztasunaren biktima boteretsuen zerrenda: Apple behartu zuen Irlandari hamalau milioiren zerga txikitzeak itzultzera; 7.000 milioiren isunak jarri zizkion Googleri bere lehiakideak baztertzeagatik; Alemaniako autogileak ikertzen ari da CO2 isurketa azterketetan iruzur egiteagatik; bankuak ere ikerketapean ditu...

Paris eta Berlin, arau berrien alde

Baina Vestager borroka bat irabazi eta gerra galtzeko arriskuan dago. Haizea norabidez aldatzen ari baita. Betoarekin haserre, jokoaren arauak aldatu nahi dituztela iragarri dute Alemaniako eta Frantziako gobernuek. Hilaren 19an bilduko dira gobernuei industria politikan zeresan gehiago emateko proposamen sorta zehazteko. Parisen aldetik ez da ustekabea ildo hori, beti izan duelako merkatuetan esku hartzeko joera; berriagoa da Berlinentzat, eta are gehiago Angela Merkelen CDUrentzat, orain arte eroso egon baita ildo liberalago batekin. Merkelen sokakoa da Peter Altmaier, aste honetan Industria Estrategia 2030 txostena aurkeztu duen Ekonomia ministroa. Txostenaren izenak Made in China 2025 planarekin parekatu dute kritikoek, funtsean, biek ala biek helburu bera dutelako: batean Txina eta bestean Alemania eta Europako Batasuna lider izatea etorkizuneko industrian.

Altmaierrek nahi du mundua merkatu bakar bat gisa ikustea, eta kontuan hartzea horretan abantailarekin jokatzen dutela txinatarrek: Pekinek laguntza publiko handiak ematen dizkie bere enpresei kanpoan lehia daitezen, eta, aldi berean, barne merkatuaren atal batzuk atzerriko enpresei debekatzen dizkie. Taktika horrekin, Txina teknologiaz jabetzen ari dela eta besteen industria higatzen ari dela uste du Altmairrek. Trumpek dioena, azken batean.

Gaur egun, EBrentzat, armagintza da sektore estrategiko bakarra, Batzordeak beto eskubiderik ez duen bakarra; Alemaniak eta Frantziak aeronautika, auto elektrikoak, medikuntzarako makinak, inteligentzia artifiziala eta beste hainbat sartu nahi dituzte atal horretan; hartara, laguntza publikoak jasotzeko araudi zorrotza saihestuko lukete, eta bat egiteko erraztasunak ere izango lituzkete. Enpresa estrategiko horiek atzerriko —ergo, Txinako— eskuetan ez geratzeko neurriak indarrean jartzea ere eskatuko dute. Altmaierrek jada proposatu du funts publiko bat sortzea (Europatik) kanpoko jabeen esku erortzeko arriskua duten enpresak aldi baterako erosteko.

Munduaren aldaketari «pasiboki begiratzeari» utzi behar zaiola, alegia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna