Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Europako altzairu hauskorra

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Joan den astean, «altzairuaren euskal sektorea» enpresa bakar batean batzea proposatu zuen Sidenor altzairutegiko buruak, Jose Antonio Jainagak. Atzeraldi Handiaren krisitik irten berritan, beste krisi batean sartu da altzairugintza, eta Jainagak uste du enpresek bat egiteak balio dezakeela sektorea salbatzeko. Datu argigarri bat eman zuen, sektorearen gainbehera adierazteko: «Espainian ekoizten ziren hemezortzi milioi tona altzairuren %40 ekoizten zen Euskal Herrian; orain, hamalau milioitik %20 bakarrik». Kopuru argiagoetan, ekoizpena erdia baino gehiago gutxitu dela, zazpi milioi tonatik 2,8 milioira. Kopuru horiei gehi dakieke Baionako Celsa altzairutegiarena eta Arcelor Mittalek Nafarroako Lesakan eta Legasan egiten duena.

Oso urrun daude altzairugintza euskal industriaren indargune nagusia zen garaiak, eta azken urteek ez dute gainbehera hori eten. Itxi egin dira enpresa handiak —Zumarragako Arcelor, Azpeitiko Corrugados, Maltzagako eta Legazpiko Sidenor...—, eta erdizka dabiltza beste batzuk —Sestaoko ACB, Azkoitiko Sidenor, Bergarako Arcelor Mittal...—.

Baina altzairugintzaren ahultasuna ez da Euskal Herrira mugatzen. Sektore globalizatu bat da, eta euskal enpresen arazoak, oro har, munduarenak dira, bereziki Europarenak. Hiru dira altzairugintzaren problema nagusiak. Batetik, eskaera motel antzera dabil, altzairuaren kontsumitzaile nagusietako batek, autogintzak, eskaria txikitu duelako. Bigarrenik, altzairua egiteko osagai nagusia, burdin mea, oso garesti dago, eta gehiegizko produkzioak prezioak merkatu ditu.

Aurreko bi arazoek mundu osoko enpresei eragiten diete, baina hirugarrenak bete-betean eragiten die Europako altzairutegiei: ekoizle handiak —Txina batez ere, baina baita Errusia eta Turkia ere— kontinente zaharrean ari dira saltzen beren merkatuetan enplegatzerik ez duten materiala, askotan kostu azpiko prezioetan. Hiru arazo horiei AEBetako muga zergak batuz gero, hauskorra da sektorearen egoera.

Italian eta Ingalaterran, are larriago

Euskal Herriko altzairugintza berandu gabe desagertzeko arriskuan ikusten du Jainagak, baina dagoeneko arrisku horren hatsa sentitzen du Europako altzairu fabrikarik handienak, Ilva izenekoak, Taranton (Italia). Arcelor Mittalek erabiltzen du iaztik, baina alokairuan. 2021ean erosiko zuela agindu zion Italiako Gobernuari, baina orain kontratua hausteko prest dago. Izan ere, kontratu horren atal batek zioen Arcelor Mittalek ez zuela zigorrik jasokoingurumenaren aurkako delituak egingo balitu. Italiako Parlamentuak artikulu hori baliogabetu ondoren, Arcelor Mittalek iragarri du labeak itzaliko dituela abenduaren 4an, eta kalean utziko dituela 10.000 langileak. Negoziatzen ari dira Arcelor Mittal eta Erromako gobernua, eta, egunkari batzuen arabera, enpresak 5.000 langile botatzea proposatu du alternatiba modura.

Kaleratzeak iragarri ditu Tata Steelek ere: hiru mila lanpostu kendu nahi ditu Europan; haietako bi heren, bulegoetakoak. «Europa munduko gehiegizko ekoizpenaren zabortegi bat bilakatu da», argudiatu du Tata Steelek. Iaz, Indiako konpainia saiatu zen altzairuaren adarra Thyssenkruppekin fusionatzen, baina EBko lehiaren aldeko agintaritzak bat egitea blokeatu zuen, altzairu hornitzaileak gutxitu eta prezioak handituko zituela argudiatuta.

Tata Steelen iragarpenak kezka berezia eragin du Galesen, lurralde horretako Port Talboten (Gales) baitu fabrikarik handiena. Eta handik 300 kilometro ipar-ekialdera, Scunthorpen (Ingalaterra), arnasa pixka bat hartu dute British Steeleko 4.000 langileek. Konpainiak, sektoreak Europan duen krisi amaigabearen ikur bat, maiatzean egin zuen porrot, baina orain Jingyie Txinako taldearen esku geratuko da. Laugarren jabea du azken hogei urteotan—Tata Steelek berak saldu zion Greybull taldeari, 2016an, libera baten truke—. Langileek mesfidantzaz hartu dute erreskatea, hain zuzen ere Txinako enpresen esportazioak direlako Europako labe garaiak betirako itzali ditzaketenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.