Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Argentina, errautsak garbitzen

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Etzi, Buenos Airesko Etxe Arrosan presidente gisa sartzen denean, krisian dagoen herrialde baten ardura jasoko du Alberto Fernandezek. Zaharrak berri Argentinan. Azken 70 urteak krisitik krisira igaro ditu, eta horietatik 23tan atzera egin du ekonomiak. Marka okerragoa soilik Kongoko Errepublika Demokratikoak du, gerra zibil ia etengabean.

Egoera ekonomiko oso makurra utzi dio Mauricio Macri eskuindarrak Fernandezi. Egia da, halaber, Macrik Cristina Fernandez peronistaren eskutik jasotakoa ez zela etxafuegoak botatzekoa; herrialdea atzeraldian zegoen eta arazo handiekin bere burua finantzatzeko, 2002an zorra ez pagatzeko erabakiak kanpoko finantzaketaren iturria itxi ziolako. Eta finantzaketa beharra bazuen, Argentinak arazo endemiko bat duelako: ekoizten duena baino askoz gehiago gastatzen du. Defizit hori areagotu zuen peronismoaren politika sozial eskuzabalak. Gobernua dirutza gastatzen ari zen garraio publikoaren, gasolinaren, argindarraren eta gasaren prezioak izoztuta uzteko, nahiz eta haien kostua —dolarretan ordaindutakoak— neurriz kanpo igotzen ari zen peso ahularen ondorioz. Pentsiodunen kopurua bikoiztu egin zuen, eta milioi bat langile publiko sortu zituen.

Macrik ortodoxia liberaletik erantzun nahi izan zien arazo horiei, eta besoak zabalik jaso zuten nazioartean. Argentina nazioarteko merkataritzaren fluxuetan sartu eta atzerriko inbertsioak erakarri nahian, dibisak erosteko mugak kendu zituen eta inportazioen muga zergak txikitu. Defizit publikoa gutxitzeko, zerbitzu publikoen prezioak garestitzen hasi zen, herritarren haserrerako.

Macrik inflazio handia jaso zuen Fernandezen eskutik —%27 azken urtean, Fernandezek dirua inprimatzen zuelako gastua pagatzeko—, eta porrot lazgarria izan du: %60ra iristear da, munduko handiena Zimbabweren eta Venezuelaren ondotik. Nola da posible? Arrazoietako bat historikoa da, eta dolarra du izena. Argentinako ekonomiaren gorabehera handiek pesoa ahultzen dute, eta ahultasun horrek ekartzen du argentinarrek dolarrak erostea beren aurrezkiak bermatzeko; eta horrek bueltan dakar pesoa gehiago ahultzea. Elkar elikatzen duen egoera horren ondorioz, pesoak hamahiru zero galdu ditu dolarrarekiko 1881. urteaz geroztik. 2018an, pesoak bere balioaren erdia galdu zuen, eta horrek inflazioa handitzen du.

Interes tasa handiak jarri zituen Macrik, %70 artekoak, pesoek ez ihes egiteko, baina politika horrek enpresak eta familiak ito ditu, eta atzeraldia sakondu. Gastu publikoa finantzatzeko, Macrik atzerrira jo zuen diru bila, baita lortu ere; interes handia pagatuta, noski, inbertitzaileak ez baitira fio zorrak ez ordaintzeko joera duen herrialde batekin. Baina peso ahularekin, kapitalak ihes egiten jarraitu du, eta Macrik laguntza eskatu behar izan zion argentinarrek gehien gorroto duten erakundeari: NDFri. 57.000 milioi dolar utzi dizkio, inoiz herrialde bati mailegatutako kopururik handiena.

Erreskate horrek ez du eten pesoaren gainbehera, eta NDFk inflazioa itotzeko inposatutako defizitaren murrizketa handiak atzeraldia gogortu du, langabezia %10era bultzatu du, eta, ondorio gisa, peronismoaren itzulera ekarri du.

Zer egingo du Fernandezek?

«Errautsez» betetako herrialdea aurkitu duela dio Alberto Fernandezek. Haietako lehena zorrarena da. NDFrekin akordio bat lortu beharko du, Argentinak nekez ordain ditzakeelako 2020an 54.000 milioi dolar atzeraldiagehiago sakondu gabe. Inbertitzaile batzuek susmoa dute jarritakoaren zati bat galduko dutela, baina halakorik ez du onartuko NDFk.

Fernandezek erabaki beharko du zer egin dolarren ihesa eragozteko. Hauteskundeak galdu ondoren, Macrik berrezarri zuen bere agintaldiaren hasieran bertan behera utzitako neurri bat, Argentinan cepo izenez ezagutzen dutena: hilean 200 dolar soilik alda ditzake argentinar bakoitzak. Pesoa egonkortu du neurri horrek, baina arazo bat dauka, dolarrak sartzea eragozten duela, noiz eta Argentinak kanpoko inbertsioa erakarri behar duenean; besteak beste, Vaca Muertako petrolio eta gas erreserba erraldoiak ustiatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.