GEURE KONTU

Ez gaur, ezta datorren urtean ere

BERRIA.
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Erantzun nahi ez zuen gai bati buruz galdetzen zioten bakoitzean, «Avui, aixo no toca» esanez erantzun ohi zuen Jordi Pujolek Kataluniako presidente zenean. «Gaur ez da horretarako eguna». Esaldia oso ospetsua egin zen Katalunian, baina gurean ere ongi funtzionatzen duela ikusi da azken egunotan. Koronabirusa kontu publikoetan eragiten ari den zulo izugarria ikusita, kazetari batek baino gehiagok galdetu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ez al den garaia zergak igotzeko? Gazteleraz eta beste hitz batzuekin bada ere, «gaur ez da horretarako eguna» erantzun dute Pedro Azpiazuk eta Elma Saizek.

Baten zein bestearen argudioa da jarduera ekonomikoari ezin zaizkiola une hauetan trabak jarri, eta zerga igoera batek oztopo egingo liokeela hazkundearen gurpilari. Justifikazio eztabaidagarria da, krisiak ez duelako asko txikitu sektore jakin batzuek ahalegin handiagoa egiteko duten gaitasuna, baina argi dago gobernuak babesten dituzten alderdiek ontzat eman dutela. Hortaz, galdera da noiz arte eutsiko dioten mezu horri? Posible al da orain ezinbestean pilatzen ari diren zorrei aurre egitea zerga sistema ukitu gabe?

Bigarren galderaren erantzuna ziur aski ezezkoa dela jakingo du Azpiazuk berak, koronabirusaren krisia iritsi aurretik erreforma baten aldekoa zelako, eta ez preseski zergak jaisteko, bere alderdikide batzuek nahiko luketen moduan. «Zerga presioa jaisteko eskaera politika ekonomiko txarra da», esan zuen Ogasun sailburuak iazko udan. Berez, EAJk eta PSE-EEk agindu zuten 2020an zenbait aldaketa egingo zituztela sozietate zergan eta beste batzuetan, eta horien ondorioz ez zela bilketa jaitsiko.

Proiektu hori tiradera sakon batean sartu dute, eta han izango da aldi baterako. Europako Batasunak aurrekontuak orekatzeko agindua eten izanak eta horren ondorioz Espainiako Gobernuak ere bere menpeko erkidegoei mugak kentzeak pizgarri gutxi ematen dute 2021ean zerga erreforma bati heltzeko; gogo handirik ez bada, behintzat. Gainera, gauzak berriro okertzen ez badira —eta kutsatzeei buruzko azken datuek erakusten dute beti oker daitezkeela—, logikoena izango litzateke datorren urtean zerga bilketa pixka bat berreskuratzea. Hori bai, kontsumoaren gaineko zergen eskutik izan beharko luke; errenta eta sozietate zergak 2020ko irabazien gainekoak direnez, ezin da haiengandik oso bilakaera onik espero.

Menia ez da betirako

Baina Bruselaren eta Madrilen meniak ez du betirako iraungo. Ekonomia eroriko historiko bat bizitzen ari den unean ere betikoen errezeloak piztu ditu zor eta defizit publikoaz ahazteko deiak, eta sektore horien kexuak handitu egingo dira ekonomiak erritmoa hartu ahala. Beste modu batera esanda, 2022an berriro irits daitekeela kontuak orekatzeko deia, eta orduan itzul daitekeela zerga erreforma bati buruzko eztabaida. Eta egin, egin beharko da, krisiak erakutsi baitu sistema publiko sendo bat ezinbestekoa dela, eta osasungintza ez ezik indartu egin beharko direla hezkuntza eta babes sozialeko beste politika batzuk ere.

Aurrekontu proiektuak artean bukatu gabe badaude ere, badirudi Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ulertu dutela beharrak handituko direla, eta batak zein besteak gastu publikoa handituko dute datorren urtean. Ezin besterik izan, Nazioarteko Diru Funtsak berak austeritatea lurperatu duen une batean.

2021ean, zorrak pagatuko du gobernuen ahalegin hori, baina hurrengo urteetan eutsi nahi bazaio eta aldi berean kontuak orekatzen hasi, diru iturriak handitu beharko dira. Tartea, egon, badago: ELAren kalkuluek diote EBren batez besteko zerga presioarekin ia 7.000 milioi gehiago bil daitezkeela zergetan.

Besterik da sinistea, batzuek ulertarazten duten bezala, soilik aberatsei eta enpresei zergak igota lortuko dela EBrekiko tarte hori ezabatzea. Etor daitekeenaren abisu bat irits daiteke aurki Madrildik: aurrekontu proiektuan errenta handikoei zergak igotzea proposatzear da Espainiako Gobernua, baina dieselaren gaineko zerga ere handituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.