GEURE KONTU

Bost aste ditu, eta jada lehen ajeak

Kamioiak Cherbourgeko portuan, ostegunean. Brexit-a dela eta, gehiago doaz zuzenean Irlandara, Ingalaterratik pasatu gabe. C,PETIT TESSON / EFE.
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bost asteko bizitza besterik ez du, eta dagoeneko zaharkitua geratu omen da. Bihar hastekoa den astean Europako Batzordeko ordezkariak Erresuma Batukoekin biltzekoak dira brexit-aren itunaren zati bat aldatu behar ote duten aztertzeko. Arazoa Irlanda iparraldean sortu da, eta harritzekoa ez da, lurralde horren egoera berezia izan baitzen buruhauste nagusietako bat Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko dibortzioan. Azkenean aurkitu zuten konponbidea, egia esateko, nahiko bitxia izan zen: Ipar Irlandak EBren merkatu batasunean eta aduana batasunean jarraituko du salgaiei dagokienez, baina, aldi berean, Erresuma Batuko kide ere izango da.

Konponbide hori ez zuten batere gustuko izan unionista gehienek, funtsean, Irlanda behingoz batzeko gonbidapen bat dirudielako. Are gutxiago, kontuan hartuta Boris Johnsonek jan egin zuela Irlandako itsasoan muga ez jartzeko hitza, eta horrela erakutsi zuela, britainiar gehienei bezala, ezer gutxi axola zaizkiola Irlandako sei konderri horiek, iraganeko abentura kolonialen hondar garesti horiek.

Orain, ordea, Johnsonek eragin zien umiliazioa mendekatzeko aukera ikusi du Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministroak, DUP muturreko alderdi unionistakoak. Europako Batzordeak eman dio horretarako aukera, edo, hobeto esanda, Ursula von der Leyenek. AstraZenecarekin txertoen harira borrokan ari zela, Europako Batzordeko presidenteak baliatu nahi izan zuen, hain zuzen, bi Irlanden arteko muga gogor bat jartzeko aukera ematen duen protokoloaren 16. artikulua, hartara Ipar Irlandara eta handik Britainia Handira joan ez zitezen EBn egindako txertoak. Proposamen horrek harridura eta haserrea eragin zituen berehala Dublinen, Belfasten, eta Londresen; izan ere, muga hori eragoztea izan zen EBren helburu nagusietako bat, Ostiral Santuko bake akordioa auzitan jar zezakeen neurrian. Hanka sartze handi bat izan zela aitortu behar izan zuen ondoren Bruselak, baina ahulune bat aurkitu du Fosterrek bere probetxurako.

Brexit-aren lehen asteak ez dira errazak izan Ipar Irlandan, Ingalaterratik, Eskoziatik eta Galestik doazen produktuek burokrazia bete behar izateak ekarri du supermerkatuetan zenbait produktu faltatzea. Kate handiak hasi dira beren hornidura sareak berrosatzen eta paperak betetzeko taldeak sortzen, baina txiki askok ezingo dute, burokraziaren kostuak ez dielako konpentsatuko.

Giroa gehiago nahasteko, orain mugazain aritzen direnen kontrako mehatxuak agertu dira Irlanda iparraldeko auzo loialistetan (langile klaseko unionista porrokatuak). Ondorioz, Belfasteko eta Larneko portu nagusietan kontrolak etetea erabaki dute.

Gainera, orain arteko kontrolak nahiko arinak dira, martxoaren 31 arteko epea eman baitzioten elkarri Bruselak eta Londresek, gauzak gehiegi ez nahasteko. Egun horretatik aurrera arazoak ugaritu daitezkeenez, trantsizio epea 2022 amaitu arte zabaldu nahi du Erresuma Batuko Gobernuak, baina ezezkoan dago EB. Gauzak horrela, orain Johnsonek egin du mehatxua protokoloaren 16. artikulua erabiltzearekin, larrialdiko egoeratan Ipar Irlandaren eta Britainia Handiaren arteko muga kentzeko baimena ematen baitio. Halakorik egin ez dezan, Londresera doa Maros Sefcovic EBko lehendakariordea

Berez, brexit-aren kalteak antzematen ari dira Erresuma Batuko beste sektore askotan ere. Haien artean daude arrantzaleak: brexit-zaleak ziren gehienak, gehiago izango zutelako arrantzatzeko. Baina harrapatzeaz gain, arraina saldu egin behar da, eta arrain eta itsaski askoren merkatua EB da; orain bete behar diren agiriek eta kontrolek prozesua moteldu dutenez, produktua ezin da fresko heldu Frantziako merkatuetara, eta non saldu ezinik geratzen ari dira arrain esportatzaileak.

Euskal enpresak ere hasi dira zailtasunak antzematen:muga pasatzeko paperak ez dituen kamioi ak, iristen ez den kargamentu bat, Txinako osagaiak dituelako muga zergak ordaindu behar dituen produktu bat... Esportatzen jarraitzeko eskatu die aste honetan Arantxa Tapiak, baina baliteke batzuei gogoa dagoeneko joan izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.