Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Gudariak

2014ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Hasiera batean kaltegabeki eta jai-giroan hamasei-hamazazpigarren mendeko garaipen militar bat antzeztu/omendu/birgogoratu nahi zutela eta, bizitza zer den ironikoa eta historia zirkularra, gudu latzerako zelai bilakatu zitzaizkiela, egun batetik bestera, aspaldiko gudariak haragiztatzen zituztenen gorputz garaikideak, alajaina. Eta garaiak garai gudari erabili nahi dut, nahiz eta anakronikoa eman dezakeen hitzaren zakutoa zamatzen dutelako erreferentzia eta konnotazio ezin zehatzagoek, erabili nahi dut hitzek badutelako zakutoaz gain malgutasuna ere, usadio berrien eta ikuspuntu aniztasunaren eraginez pilatzen zaizkielako adierak azpian, eta hiztegipropiogintza aldarrikatzeko moduko generoa delako, bai baitu, gainera eta behingoagatik, tradizio oso txukun bat euskaraz.

Eta, bai, esan dezadan: sekula ez dagoelako sobera anakronia aipatzea Alardearen Gatazkari buruz aritzean.

Ez naiz irundarra, ez naiz hondarribiarra, ez naiz desfile militarren zalea; itsututa egon behar da, baina, jokoan dagoena askoz handiagoa dela ez ikusteko, itsututa edo aitzakia erraz, are errazkeriazko baten bila. Gudak etengabe azalberritzen direla-eta, ekainaren 30ean, irailaren 8an, ez gara iraganaz bakarrik ari, Irun eta Hondarribia sintomak besterik ez dira. Ezin dut afera hartu niri neuri eragiten ez didan arazotzat, ezin nau aspertu gaiak, ezin diet ileei agindu ez hunkitzeko, bihotzari ez tenkatzeko. Aitzitik txalotu behar ditut guztioi dagokigun borroka egiturazko batean duela hamarkada pasatxotik guztiontzat eredu diren emakume eta gizon gudariak: txalotu ordu erdiz, txalotu urtebetez, txalotu gorputzean iltzatu dizkieten bizkar, poltsa beltz, txistu, ¡que las violen! (¡QUE LAS VIOLEN!) guztiak kamusteko behar adina denboraz.

Eta eskerrak eman: eskerrik asko, bi mila esker, barru-barrutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.