Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Banan-banan

2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Ez dizuet ezer berririk deskubrituko esaten badut aiseago irensten ditugula bidegabekeriak zenbaki bidez murriztuta datozkigunean (alegia, betiko deshumanizazio-teknikak erabilita), istorio eta aurpegi eta izen jakin bati lotzen zaizkionean baino. Ulermenarekin ere badu zerikusirik; Lampedusan 349 ito dituztela irakurtzean ez garelako ohartzen, egiazki, gurekin eskolara zihoazen haur denak hil direla.

Ildo horretatik, Roberto Bolañoren 2666 eleberriko puska gogorrenetako bat horixe da hain justu, sarraski baten inbentario xehea, 1993ko urtarriletik 1997ko abendura bitarte Santa Teresa hirian eraildako emakume guztien datu biografikoak aletzen baititu, zehatz-mehatz eta tai gabe. Hartara listua lehortuta ez bada eztarrian korapilatuta ematen dituzu orrialdeak, eta irakurraldia amaitu ostean ere antzera, fikziozko kokalekuak argi egiten baitio erreferentzia Ciudad Juárez (Mexiko) errealari, bertako feminizidio ile-lazgarriari.

Bestetik, Mexikon jarraituz baina Bartzelonatik pasatuta, «Siluetazo por Ayotzinapa» ekimen hunkigarria antolatu zuten larunbatean Plaça dels Angels-en, eta absentziak presente bilakatu. Berrogeita hiru pertsonak, kartoietan margotutako soslaiak baliatuta, duela hilabete pasa mexikar estatuko segurtasun-indarrek bahitu eta desagerrarazi zituzten ikasleak gorpuztu zituzten, espazio publikoa betez gazteok bizirik itzuliak izan daitezela galdatzeko.

Asteburuan Durangon, Getxon, Gasteizen erasotako emakumeak ez dira, beraz, matxismoak alderdi bortitzenak eragindako enegarren biktimak, zerrenda laidoztagarri bateko momentuz azkenak, ezpada bisaia zehatzak, izen-abizenen jabeak, esperientzia eta baldintza jakinek markatuak; eta badira, aldi berean, egunkariko bilatzailean «indarkeria matxista» tekleatuta agertuko (ez) zaizkizun gorpu(tz) zartatu guztiak. Banan-banan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.