Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Zotzetan

2015eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Badira bi aste ezagun batek komiki-zinta bat partekatu zuela sare sozialetan, eta grazia egin zidala, eta jende gehiagorekin konpartitzeko gogoa sartu. Egurrezko mahai-gain soil batean agertzen dira, paseoan, sardexka eta laban bikote bat, eta fideo luzeak jateko moduko zotzen beste bikote bat, bakoitza bere edukiontzia lagun, laban-sardexkak plater baten alboan eta zotzak, aldiz, arrozez mukuru egindako katilu batetik gertu.

Begiak eta abarrak dituzte, hots, pixka bat antropomorfizatuta daude, gehiago laban-sardexkak besteak baino, baina agian nire a posteriori-ko inpresioak dira, ezin dudalako oroitzapena bereizi binetaren beraren puntxetik, eta agian horregatik iruditzen zait labanaren jarrera maskulinoagoa zela eta sardexkarena femeninoagoa, uler bitez adjektiboak, noski, bi joera horiek tradizionalki errepresentatu izan diren moduan, eta ez gauza benetako eta natural gisa.

Honezkero susmatuko zenuten zintak zer inguruabar zituen jomuga, gutxi-asko. Kontua da bi pareak elkartzen direnean laban jaunak, mesfidati antzean, zotzei galdetzen diela: eta zuetako zein da, ba, sardexka? Sardexka labanerantz lerratua dago apur bat, esango genuke amoroski; zotzak ez dakigu pasionalki engaiatuta ote dauden, ez dute elkar ukitzen eta ezin da segurtasun osoz baieztatu. Labanaren galderak harri eta zur uzten dituela bai, hori argi dago, flipatze-aurpegi horiek gaizki ulertuko dituenik ez dago-eta.

Giza itxurako mahai-tresnen munduan ez ezik hezur-haragizkoon artean ere izaten direla horrelako aurreiritziak, kasu honetan, paralelismoa nabarmena denez, heteroarauetik kanpo bizi direnekiko, baina baita bestelako, edozelango arau irmo ezarrien bideetan ibiltzen ez direnenekiko ere. Zintako adibidea are zorrotzagoa da, gainera, kultura diferenteen aldagaia ere txertatzen duelako.

Ezin dugula oro esplikatu geure buruen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.