Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Txapak

2015eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Txapa: edozein oholtzak gizakumea solas luze eta aspergarrietan jartzeko duen gaitasuna. Txapazale: txapak maite dituena (bere bizitzako uneren batean armairutik irten eta txapagile bihurtuko da). Txapagile: txapak botatzen dituena, hau da, oholtzaren izpirituak irentsita jende aurrean berba egiteari utzi ezin diona. Txapatan ibili: ulergaitza zaidan arrazoiengatik txapak han eta hemen botatzen dituena. Ibon Sarasolak esandakoak entzun ostean hauspotuta natorkizu. Agian Euskaltzaindiari sakrilegioa irudituko zaizkio izenburua eta berba berriak; Sarasolak, baina, ametituko luke (uste dut).

Izan ere, egunotan arduratu samar nabil. Askok esaten du euskaldun ororen atzean filologo bat dagoela. Nik gehiago esango dut: euskal herritar askoren atzean txapagile bat dago; Andy Warholen 15 minutuak aise gainditu eta eternitate bilakatu dituztenak. Hain gara traszendental, hain da dena sakon ni dagoeneko aspertuta nagoela. Edozein ekitaldik du txapa benetan ekitaldia izango bada. Alor guztietan ematen da; politika, kultura, ekonomia, kirolak... Hitz gose gara, antza. Lehengoan jatetxe batean nengoela alboko mahaiko ospakizunean (soltero despedida) non aurkitzen dudan txapagile bat. Ezkontzera zihoanak klink-klink egin aiztoarekin eta isiltasunaz baliatuz izugarrizko txapa sartu zuen. Bizitza, maitasuna eta ez dakit zer gehiago, nire burmuinak deskonektatu egin zuelako. Eternoa iruditu zitzaidan baina nire afalkideek diotenez hogei bat minutu izan ziren.

Zack Zehnder AEBetako predikadore gaztea da. Bere izena Guinness errekor liburuan azaltzen da. Inoiz egin den sermoirik luzeena eman zuelako: 53 ordu eta 18 minutu. Bibliaren ikuspegi orokor bat eman zuen 53 ordutan; tira, orokorra barik zehatzegia izango zen. Oraindik ez du beste inork gainditu. Eta ari naiz pentsatzen, ari naiz, agian euskal herritarren batek lor lezakeela. Trainning-a dagoeneko egina dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.