LARREPETIT

Arantzazuko hartaz

Goizalde Landabaso -

2015eko apirilak 21
Aspaldiko argazkia. Zuri-beltzekoa, jakina. 50 pertsona ageri dira, 47 gizon eta hiru emakume. Arantzazu da. 1968. urtea. Txapel bakarra ageri da, eta abadez jantzita sei gizon. Aurpegiz, gutxi batzuk ezagutzen ditut, baina badakit, jakin, hor egon behar dutela: Koldo Mitxelenak, Manuel Lekuonak, Luis Villasantek, Jose Luis Alvarez Enparantzak, Gabriel Arestik edo Jon Mirandek. Emakumeei begira gelditu naiz. Zer egiten ote zuten hor? Zein izan ote zen euren lana?

Hizkuntza sortu zuen talde potoloan ez zen emakumerik izan. Gizonezkoak erditu ziren hizkuntzaz. Bitxia. Behin eta berriro galdera bera datorkit: zer gerta zitekeen emakumeek egin izan balute batua? Zer gerta zitekeen emakume beste gizon egon izan balitz sortze talde horretan? Ahoz aho darabilgun hizkuntza berdina zatekeen? Nik uste dut zeozertan ezberdina izango litzatekeela. Ez dakit zelan, baina ziur nago emakumeek ekar zekizkioketen aldeak agerizkoak ziratekeela. Norbaitek pentsa lezake garai hartan ez zegoela hizkuntzarekin lanean ari zen andrarik, emakumezko idazlerik, edota hizkuntzaren alde praktikoaz at bere gaineko ezagutza izango zutenik. Bazegoen, baina. Bilatzen hasi naiz. Jakinminak berotu nau. Errose Bustintza Mañariko, Julene Azpeitia, Elbira Zipitria, Maitena Belaustegigoitia, Miren Maortua, Maddi Ariztia (Maria Diharassarri), Rufina Azkue, Maria Dolores Agirre, Tene Mujika, Sorne Unzueta, Julia Klaudia Gabilondo, Margarita Unzalu... hamaika aurkitu ditut. Eta gero (burua joan zait, agian) Maurizia Aldeiturriagarekin gogoratu naiz. Imajina dezakezue Arantzazuko batzar asmotsu hartan «Aupa Maurizia!» esaka panderojole ezaguna? Tira, hizkuntza oso gauza serioa da. Sakratua. Modu arduratsuan hartu beharrekoa. Eta emakumeen orduko idaz-jarduna gauza exotikoa zen, denbora-pasa ia. Beraz, baztertuko ditut burura datozkidan txatxukeria oro.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna