Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Jalgi hadi plazara

2015eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Sarri eta maiz euskararen etorkizunaren inguruan hitz eta pitz amaitzen dugu lagun artean. Normalean barruko harrak aterata baina eskuetan ezer garbirik ez dugula etxeratzen gara. Lehengoan, baina, batean baino gehiagotan buruan izan dugun ideia garatzen hasi ginen. Txutxu-mutxu aldizkaria. Euskaraz. Bai, irakurle maitea, gure hizkuntza lohitu egin behar da. Badakit, jakin, euskal herritarrok ez garela batere hizki-mizki zale. Dokumental eta albistegi jale naturala da euskalduna. Edozelan ere, bihur gaitezen friboloago. Euskararen salbazioak ez al du merezi? Aldizkaria abiarazteko, ehunka bat euskal zelebrity-k prest egon beharko luke bere bizitza agertzeko, hori ere, euskalgintzaren izenean, jakina.

Gu jende diskretoa gara, besteen bizitza bost inporta zaigu. Ohitu beharko gara. Gauza traszendentalak ahaztu eta txolinkerietarako jauziaren alde agertu zen Iparragirre «eman eta zabal ezazu mundura» hartan. Bisionarioa zen. Itxaro Bordaren azken maitalea, Caroline Philippsen etxea, Xabier Euzkitzeren batel osteratxoa, Sustrai Colinak Zaran erosi duen azken elastikoa, Uxue Alberdi eta Eñaut Elorrietaren ezkontzako argazki guztiak, zer egon zen Kike Amonarriz eta Ilaski Serranoren artean? Fermin Etxegoien eta Juan Luis Zabala maiteminduta daude? Nor da Leire Narbaizarekin Parisa joan den gizonezkoa? Argi gera dakizula, zio soziolinguistiko hutsa du aldizkari digital honek. Euskararen zabalkundea erabat egina dagoenean desagertuko da; AEK, HABE eta osterantzeko euskaltegiak legez. Hegoaldeko biztanleoi, eta are gehiago Iparraldekooi, latza egingo zaigu era honetako aldizkaria irakurtzea. Gu ez baikara horrelakoak. Gu jende serioa gara. Langile sutsuak. Euskalgintzak, baina, bestelako neurriak behar ditu. Jalgi hadi plazara aldizkari digitalak ahalegin demasekoa eskatuko dio euskal irakurleari: barruan ez duen autu-mautu zalea plazararaztea. Zuzendari bila gabiltza, eta noski, .eus-en alde egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.