Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Lehentasunak

2015eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Ez da, gero, hau pasatzen den lehenengo aldia. Izenen bat ipiniko zion norbaitek honezkero, neuri artean iritsi ez zaidan arren. Estaltzeaz ari naiz, ekitaldi eta aldarrikapenen gainjartzeaz, aldi berean baina toki diferentetan suertatzen diren elkarretaratzeez. Martxoan hasi eta azarora arte iraun ohi duen sasoia, abendu-amaiera partean ere nabarmen suertatzen dena eta abuztuaren bueltan, ordea, lo-zorroaldia buru-belarri egiten duena, txosna-gune bihurtuta.

Eta tarteka-marteka gertatzen denez bihar-etzi ere gertatuko da. Agerikoak, oso, bi irrintzi, masa sozial zabal antzeko bat daukatenak oinarrian; biak ere, estereotipoei erreparatuta, bata bestearengandik nahiko urruti leudekeenak. Batzuk serioak, estoikoak, biolentoak, bihozgabeak, ideia-zentzugabe-bati-beti-fidelak dira, beren Aberriari baino ez diotenak larrua jo nahi. Besteak, aitzitik, txolinak, beren lumekin baino ezin dezaketenak inor ziztatu (edo odola emanda edo aktore/modelo/musikari neska katxarroren bat armairutik aterata), gehiegizkoak, zalapartariak, edonorekin egingo luketenak txortan, batez ere artean konbertitu gabeko baten batekin, desbideratu dezaketen gaztetxo horrekin.

Badago, baina, loturarik bi taldeen artean, eta ez, ez dizuet ebidenteena esango, alegia, bi espezieetan andreak zatar demonioak omen direla. Lotura gehiago daude asteburu honetan dagozkien eskubide erabat zilegiak galdatuko dituzten bi taldeon artean, besteak beste, giza loturak. Besteak beste, ni neu. Borromeoren zirkulu batekin esplikatzeko, biribilak elkartzen diren puskatxoan bagaudela batzuk etxepeko herrikora afaltzera joatea gustuko dugunak geure sexu bereko maitalearekin jo ta ke paseoan eskutik helduta ibili ostean, pilak atzera kargatzeko. Eta ez dugunak nahi, ez dugunak zertan, geure deretxo oinarrizkotarik bat bera ere galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.