Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Aske ez da dena libre

2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Eguraldi ona agertzen joan ahala eta apiril-maiatzetik aurrera, batik bat, areagotzen da arriskua, ezkongaien agurrekin topo egitekoa, edozein herritako jaixetan, eta jaiak izan gabe ere, edozein tabernatan eta goizean goizetik. Neska-kuadrillak eta mutil-kuadrillak, ustezko salbuespenen izenean gehituko dut akaso gutxi batzuetan bateko eta besteko denak nahastuta joaten direla, baina ez da inondik inora ohikoena. Aise identifikatzeko daude, gairen bat ardatz mozorrotuta, oro har ezkontzeko dagoena itxura irrigarrienarekin eta gainontzeko kideak nabarmenkerian lagun baina moderatuago.

Moderazioa ez den arren, juxtu, ospakizun-mota horren ezaugarri adierazgarriena. Batzuk nerabe zirenetik edo herriko festetako gomorra-egunetik edo sagardotegira lankideekin azkenekoz joan zirenetik ezagutu gabeko makatza biltzen dute, biharamunean sare sozialetako argazkietan ikusgai eta egun horretatik aurrera urtebetetze eta bestelako juntadizoetan ezinbesteko izango diren pasadizo super dibertigarri bihurtuta. Egunero bizitza hitseko etengabeko neurrikeriari aurre egiteko noizbehinkako matxinada antzu bat.

Pasa den larunbatean taberna batean armosuan ari nintzela horixe suertatu zitzaidan ondoko mahaian, kasu honetan emakume-talde bat, andregaia behiz jantzita, errapeekin munduari so, lagunak sanferminlari. Hamaikak ziren, zurito bana eskatu zuten, baten batek rueda. Zuri-gorridunetako batek gaztigatu zion protagonistari ez ote zebilen lotsatiegi, aprobetxatu behar zuela, egun horren ostean amaitzen zitzaiola pagotxa. Behiak erantzun: zer arraio! Eta tekila bat eskatu zuen gero, zuritoa kendu gabe.

Beldurra ematen dit norbaitekiko konpromisoa norberaren askatasunaren galera bezala irudikatzeak, pagotxaren amaitze modura. Konpromisoa ulertzea kate gisa eta askatasuna denak-balio-du erara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.