Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Sekula ez norberarena

2015eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Lagunak eta biok sarritan egiten dugu, blokeoaren aurka, beti pareta beraren kontra topeka ez aritzeko, hitzordua ipini eta gero, bertaratuta, elkar ezagutuko ez bagenu bezala ekin solasari. Hasiera batean txantxa modura hasi genuen arren (geure betiko buruei baimentzen genien atsedenaldi) astiro bihurtu zen batak besteari esaten ez genizkionak argi adierazteko lur emankor.

Irtenaldia terapia bilakatzen ari zela, handira jo genuen hordago eta areago konplikatu genuen dena. Elkarren aurretiazko aditzerik gabe, baina, txandaka, geure burua izan beharrean bestearena hartuko genuen geuretzat, alegia, ni neu (Urlia) neure laguna (Sandia) izango nintzen eta Sandia bera ezezagun bat. Gero, alderantziz. Bestearen zapatetan ipintzearen hori guztia haragiztatu nahi-eta, onartu behar nuke irentsiak genituela igande arratsaldetako transformazio-film gehiegi.

Ez zuen behar bezala funtzionatu. Gai arantzatsuen haritik tira egitean, horietarako behar baikenuen bereziki betiko arrazoi eta erantzunen pareta hautsi, isilik geratu nintzen behin baino gehiagotan, ezezagunari ezin deus azaldu, patrikan Urliaren aurkako argudioak baizik ez baineuzkan, eta paktua ez zen nahikoa eraginkorra, ez behintzat Sandiaren larruan sartuta aipatzen nuen lagun txar hura ni neu nintzela ahazteko bezainbeste. Beraz, Sandiak esango lituzkeenak harilkatzen saiatzen hasi eta neure buru Urliaren aurkako gauzak botatzen amaitzen nuen, erabat bidegabeak iruditzen zitzaizkidanak neure arrazoiak ere ezagutzen nituenez.

Egiari zor, aurreikusi gisan ez, baina zerbaitetarako balio izan zuten saioek. Besteak beste, hurkoaren joan-etorriei hainbesteko garrantzia eta etengabeko erdigunea emateari uzteko eta hasteko Urliaren kontraesan eta buru-janak behingoz propiotzat hartzen, hasteko eta behin, besterenak baino norberarenak eraldtzen direlako aiseago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.