Eneko Gorri.
LARREPETIT

Tresna egokiak

2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herrian, hizkuntza politika publikoa biziki kontzeptu berria da. Hamarkada luzeetan zehar haizearen kontra eta baliabiderik gabe euskalgintzak du euskararen desafioa bere espaldetan eraman. Duela 10 urte bakarrik sortu ziren Euskararen Erakunde Publikoa proiektu orokor bat diseinatzeko eta baliabideak mobilizatzeko, baita euskara teknikari postuak lurraldeetan Hizkuntza politiken (politikaren?) obratzeko ere. Aldaketa eta aniztasunarekiko uzkur den administrazio batean teknikari postu horiek inposatu izana ez da guti. Hego Euskal Herriko esperientziak eragin handia izan duela konbentzitua naiz, sarean ehuntze-eredu horrek ez baitu parekorik ez Bretainian, ez Alsazian, ez eta Korsikan ere.

Baina euskalgintzak tresna gisa aurreikusten zituen postu horiek, hautetsi batzuek bururapen baten gisa ikusi dituzte. Euskarari dedikatutako agente bat eskupean gordetzea, totem zurigarri izan da haientzat. «Baliagarria, baina mugatu beharrekoa». Azken mende erdian herrigintzak tresna egokiak eraiki baditu ere, gaur baliabideak eskas dira benetan eraginkorrak izan daitezen.

Lurralde hitzarmenaren harira plazaratutako eskakizunekin (EEPren aurrekontua bikoiztea, besteak beste), diskurtso berri bat entzuten hasi gara. Dirudienez, instituzioek jadanik asko egiten dute euskararentzat. Finantzaketaren izoztea justifikatzeko argumentu sorta da. Baina hizkuntza politika publikoaren aireratze fasean motorrak bultzatu behar dira, ez pilotu automatikoan eman.

Ezagutu diren aitzinamenduak ukatu gabe, berregituratze fase luze horretan Medio/Helburu talka hori irabazi beharko da, beharrezkoak diren baliabideak zein diren zehatz-mehatz definituz. Tresnarik gabeko teknikariek eta sostengu eskaseko euskalgintzak ezingo baitiote hiztun galtzeari aurre egin. Sekula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.