Eneko Gorri.
LARREPETIT

Miarritze

2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Euskal munduan, Miarritzek badu hiri burges, harro, hotz, lokartu, zahar, deskonektatu eta desatseginaren irudia. Estereotipo guztiek badute egiaren parte bat beren baitan. Baina miarriztarra izan gabe, hiri horren ezagutzeko aukera izan dugunontzat, badakigu Miarritze bestelakoa ere izan daitekeela. Beltza, popularra, bestazalea, errotua, sortzailea, ausarta. Luxuzko axala harraskatzeko denbora hartzen duenak dena emateko prest diren herritar eskuzabalak eta militante sutsuak ere atzemanen ditu bertan.

Tamalez, Helep bakarraren inguruko eztabaidetan, hiriaren lehen irudi damugarria erakutsi dute miarriztar askok. Eta ez uste izan hautetsiez ari naizenik bakarrik. Euskal Herriari bizkarra erakutsiz, bere lur zatian hodeietan gora altxatua den Monako axolagabearen figura hartu du Miarritzek. Argumentu triangulatu eta komunikazio elementuek ere ez dute amarrukeria hori ezkutatzea lortu. «Pays Basque» marka errugbi kluba eta aireportuari itsasi ondoren, estrategia turistikoaren mesedetan erabiltzea egokia zela iruditu zaie kabinete bateko publizista inspiratuei. Baina «Biarritz—Pays Basque» ziguluan ez zen «Biarritz Euskal Herrian» ulertu behar, «Biarritz eta Euskal Herria» baizik. Beren burua lokomotiba gisa ikusten dutenek maiz bagoira igotzea errefusatzen dute. Horrela pasatzen zaie trena, sudurraren azpitik.

Irudi kontuetara itzultzeko, agintariek opor leku bat mundu mailako merkatuan kokatzeko, lurralde marketina erabiltzen dute. Baina hiri bat etorkizunera prestatzeko, trikimailu horiek ez dira aski. Erabaki historikoak eta politika publiko ausartak hartzen ere jakin behar da. Etorkizun hurbilak erranen du zein hautu egina izanen den...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.