Kattalin Miner.
LARREPETIT

Panamako usteak

2016ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Egun hauetan Panamako paperak delakoak jan ditu hainbat eta hainbat titular. Niri nobela baten izenburua ekarri dit burura, edo gutxienez poema batena. Baina ez, Panamako paperak ez dira eskandalu baten izenburu bat besterik, eta horiek ere izenburu gisa pasatuko dira historiara ziurrenik.

Darko Kovacevicek zenbat loraldi gurean 1.500 euroko soldata xumearen truke. Almodovarrek dena kontatu zigun bere amari buruz, baina koltxoi azpiko kontuak ahaztu zitzaizkion. Borboiak beti korkoi, estatuburu izan zen harekin hasi, eta batek daki noraino.

Eta tabernan nago kafea hartzen, eta langabezian dagoela esan duen gizon batek ozen dio barraren ertzean berak bizi osoan egin duela lan, eta berak ez duela Panaman ezer ere, kontu korrontean 600 euro edo halako zerbait sartzen diotela hilero. Bera, hain langile umil, zuzen eta esanekoa izan den hori. Barre egin digutela aurpegira beste behin ere, espektakulua eman digutela lapurrek.

Barra ertzeko beste gizonak hartu dio hitza, eta langabetuari zuzenduz esan dio berak baietz merezi dituela 600 euroak, baina ez dela hainbeste futbolari edo zinemagile edo politikarien arazoa haren miseria. Hain zuzen, jarraitu du, kanpotik etorritako horiek, hainbeste diru, etxebizitza eta abar musu-truk jasotzen dituzten horiek direla arazoa, eta horiek direla finean zerga gutxien ordaindu dituztenak beti, eta horiek bai bidaliko lituzkeela Panamara bueltan.

Isiltasuna egin da tabernan, inork ez dio jokoa jarraitu. Gizon langabetuak tragoa ordaindu du eta badoa kalera, eta atera aurretik zera esan dio arrazista intelektualari: Marca gutxiago irakurri behar zenuke, eta Lanbideko ilarak gehiago bisitatu.

Gola ez du Kovacevicek sartu, gidoia ez du Almodovarrek idatzi, eta, hala ere, poema bakarrik idatzi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.