Kattalin Miner.
LARREPETIT

Liderrak eta ekipoak

2016ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Egun berean egin dute talka bi titularrek; batzuek lider berria aurkeztu duten artean, besteen liderrak lantaldea aurkeztu du. Begira geratu natzaie Teleberriak ordena jakin batean eman dituen bi berriei, eta pentsatu dut bai aldatu direla gauzak urte gutxian.

Gauza da lehenengo berriari, hots, Podemos Euskadik Pili Zabala lehendakarigai aurkeztu izanari, futboleko fitxaje berria aurkezten duteneko prentsaurreko itxura hartu diodala. Kasu honetan, fitxajea entrenatzaile berria izango litzateke, alboetarako klubeko presidenteek abala ematen dien artean.

Beste aldean, entrenatzaile eta lider natoak, hots, Arnaldo Otegik aurtengo ligarako fitxatutako ekipoa aurkeztu digu, bakoitza bere arloan onena dela azalduz, hau da, golak sartzeko zein kontrakoenak ekiditeko gai dena.

Eta nire futbol metaforak mugatuak direnez, pentsatu dut ulertu nahi dela Podemos Euskadik proiektua baduela eta diotenez Zabala dela hori bera islatzen duen aurpegia. Lehenengo aldiz, ordea, Podemosek historia politiko apur bat txertatu du bere filetan, eta hori berria da.

Beste aldean, historia politikoa sobera duten alderdia eta liderra ditugu, baina horrekin bakarrik nahikoa ez dela jakinez edo, ezinbestean eraikuntzarako prest dagoen ekipoaren beharra azaleratu digu, proiektua osatzekoa.

Edozein kasutan, politikan liderrak behar-beharrezkoak direla ukaezina da, baina ezin dugu alboratu ekipoak beti izan direla eta daudela. Desberdintasun bakarra gaurkoan: batzuek agerian aurkezten diguten artean, beste batzuen atzean dagoen ekipoak inkognita hutsa izaten jarraituko duela. Batzuek zer egin nahi duten eta horretarako nortzuk lanean ariko diren aurkeztu bitartean, beste batzuen atzean oraindik lausoa den proiektu baten irudipena besterik ez daukagula. Eta nire uste apalean, liderrak ezinbestekoak dira, baina haiek bakarrik ez dute partidarik irabazten; inoiz gutxi behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.