Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Amerikanuak

2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Euskaldunok betidanik izan dugu halako miresmena gure diasporarekiko. Zeukaten guztia hemen utzi eta itsasoa gurutzatu zuten gizon-emakumeez asko idatzi dugu: nola heldu ziren Ameriketara kokotetik txartel bat eskegita, erdararik jakin gabe. Baserriz eta zelaiz betetako herri txistularia utzi zuten hemen, eta badakigu, handik hona begiratu izan dutenean, hala irudikatu gaituztela. Baina, orain, gu ez gara arta-jorra hutsetik bizi: errepide zabalak ditugu, super portua, titaniozko eraikin modernoak... eta hara joan zirenei hemengo bizimodua zenbat aldatu den esplikatzen diegu bisitan arrimatzen zaizkigunean.

Ahaztu egiten zaigu, ordea, haiek han bizi direla, amerikanuak direla, eta gehienak ez direla joan zirenean bezain pobre. Haien bizimodua ere aldatu egin da; eta hemen ezin bada zintzo jokatuta inor aberastu, han ere ez. Hego Ameriketako diktadurak abizen euskaldunez beteta daude. Ipar Ameriketara joandako euskaldun asko, errepublikano peto-petoak dira. Baina nola nahi duguna baino ez dugun gogoratzen, bat-batean, harrigarria, nazkagarria, terriblea iruditu zaigu Donald Trumpen aldeko hitzak Markinako euskara garbian entzutea. Nola, baina? Trump arrazista da, matxista, klasista, homofoboa! Sare sozialetan idatzi dugu zelako auzo lotsa sentitu dugun euskaldunak Donaldi buruz ondo berbetan entzunda.

Eta pentsatu dut, Trumpi botoa ematea hain izugarria iruditzen zaien horiek, ez ote dioten egundo botorik eman hautagai matxista bati. Neure buruari galdetu diot ez ote dugun ozeanoaren alde honetan alkate arrazistarik sekula izan. Ez. Gu ez gara besteak baino berbakoagoak ez jatorragoak. Ozeanoaren alde honetako euskaldunak ere pertsonak gara: ezkertiarrak edo ez, homofoboak edo ez, feministak edo ez, lagunak edo ez. Eta hemen ere, ez dugu beti hautagairik justuenen alde egiten. Gure txakurrak ere ortozik dabiltza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.