maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Idiotak

2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Antzinako Grezian idiota erraten omen zitzaion politikan parte hartzen ez zuen herritarrari. Ez ergela zelako, noski: hori gaur egun ematen zaion erranahia baita, urteetan kontzeptua eraldatu ondoren lortutakoa. Politika-gizonaren kontrakotasunean erabiltzen ei zen hitza, eta, noski, politikan ziharduena hobeki ikusia zen bere kontu pribatuez soilik arduratzen zen pertsona baino. Idiota baitzen, hain zuzen, interesik ez zuena kontu publikoekiko. Eta pentsa daiteke, segur aski, gutxiengo bat izango zela kalifikazio hori jasotzen zuena; jaso nahiko zukeena.

Igandean herri galdeketak egin zituzten Larrabetzun eta Tolosaldeko, Oiartzualdeko eta Beterriko herri ugaritan. Eta, lehen horretan zein eskualdeetako herri txikietan izan ezik, ez da laurdenetik gorakoa izan parte-hartzea. Orokorra, %25ekoa. Gure Esku Dago-k txalotu egin du botoa eman dutenen kopurua, guztira 31.047 lagun joan baitira erabakitzeko eskubidea gauzatu eta beren herria euskal estatu burujabe baten parte izatea nahi duten ala ez adieraztera.

Egia da, bai, ez dela txikia jende kopurua, ia hutsetik abiatzen garela kontuan hartuz gero; botoa ematearen ariketa hutsak utziko duela aztarnarik jendearen gogoan. Baina ni gehiago kezkatzen naute bozkatu gabe gelditu diren %75 horiek. Etxeko sofan geldituko ote ziren, bozkalekura hurbiltzeko nagiak jota? Ala eguraldi eguzkitsua baliatuta mendian edo hondartzan pasatuko zuten eguna, bozkatzeko garaiz itzultzea ahantzita? Euskal estatuaren kontra egonik zilegitasuna kendu nahiko ote zioten galdeketari? Ala okerragoa dena: herri kontsulta zegoela konturatu ere ez eta arraro begiratuko ote zieten azkenaldian beren herrian agertu diren pankarta, hautetsontzi eta plataformei?

Beharbada, ezberdina izango da egungo herritarrek politikarekiko duten ikuspegia. Ala, etimologiari errespetua zor zaionez... agian idiotak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.