Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Etimologia

2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hitzen jatorri, bilakaera eta berresanahitze bitxiekin badut horrelako gaitz bat, obsesiboki interesatzen zaizkit, etengabe wikipediatzen ditut detaile ezdeusenen egarri, sarritan hurkoari harroxko azaltzeko plazeragatik besterik ez bada ere. Gertatu zitzaidan, adibidez, boikot-ekin (Charles Boycott lurjabeari, menpekoak esplotatzen zituela-eta, Mayo konderritarrek egin zioten ostrazismo soziala izendatzeko hitz ez hain lodi gisa abiatu zenarekin), eta gertatuko zait berriz.

Gero, euskalduna izatea opari bat izan da nire gaitzaren hagin zorrotzentzat (batez ere latinez ez dakidan heinean den mendrena ere), etimologiaren beste adar bat neure azalean biziarazi dit-eta: konturatzea jada adiera batekin finkatuak ditugun hitzak zati daitezkeela eta egiaztatzea puskok erabat metaforikoki erabilita sortu zituztela gure gaur eguneko ele ohikoak garai batean. Gertatzen zait, adibidez, titiburu-rekin eta, seguru, gertatuko zait berriz.

Gero, herria barne hartzen duten elkarketa eta sorkuntzek garrazten digute gure egunotan kafesnea, zinikoa da izena eta izana hain modu agerikoan bat ez etortzea. Adibidetxo bat ipintzearren har dezagun ertzaintza (ez naiz bada hauxe aipatzen duen lehena): herriaren zaintza bermatzen duena genuke, gure senari jarraituta, ardiak zaintzen dituena artzaina den modu berean. Herriaren definizioan ados ez gaudela izango da agian, herritarrak bainoago bankuen eta beste gobernuen zuzenbide bidegabeak babesten ikusi baititugu etxegabetze eta herri-harresietan. Duela bi urte herritar gazte hura hil zutenean zer ari ote ziren zaintzen arrastorik ez dugu oraindik.

Ostera, demosak eta h-dun hertzainek bat egiten duten tokian aurkitu dut geure garairako leloa, egunero pantaila piztu kalera irten jendearekin hitz egin eta demokraziak uzten bainau… pott eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.