Kattalin Miner.
LARREPETIT

Azalpen gehiagorik ez

2015eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Hitz-joko makurra da azaroaren 25a izendatzeko erabili ohi den eufemismo zerrenda. Gutxinaka sinplifikatzea lortu dugu, hori ere egia da, eta «emakumeenganako indarkeriaren aurkako» hori «indarkeria matxista» batekin ordezkatu dugu. Sinplifikazio semantikoaren gainetik fokua biktima delakoan baino erasoaren nolakotasunean jartzean dago aldaketa, eta hori bera ez da gutxi.

Ausardiaz beteriko eguna izan zen asteazkenekoa, eguraldi demoniozkoaren gainetik beste behin kaleak hartu genituelako indarkeria matxistaren aurka. Gaur, ordea, Gasteizko mugimendu feministaren mobilizazioaren bideoa bistaratu dut sarean, eta bada barrena harramazkatu didan une bat. Hain zuzen, manifestazioaren ostean, ohiko komunikatuaren unean, Gasteizko kideak adierazi zuen ez zutela inongo testurik irakurtzeko intentziorik, nekatuta zeudela urtero gauza bera esateaz, nazkatuta urtero indarkeria matxistaren jatorria zein den azaltzeaz, zein diren horren ondorioak. Aitortu zuen hurrengo urtean ere ondorio berak izango dituela; beraz, azalpen gehiagorik ez.

Urteak daramatzagu (ardura hori tokatu izan zaigunok behintzat) komunikatu on bat nola idatzi eta nola adierazi asmatu nahian. «Total, inork ez du entzuten» horri aurre egin eta norbaitek entzungo duen komunikatu perfektu hori asmatu nahian. Eta, bat-batean, egunaren izena sinplifikatu dugun gisan, aurrean topatu dugu komunikatu soil eta perfektua: esan beharrekoak esanda daude. Aldaketa ere badakigu nondik etorriko den. Ez gatoz pedagogia gehiago egitera. Jakin nahi duenak badaki, eta nahi ez duenak hala erabaki duelako ez daki.

Beraz, gaur ere, asteazken honetan gisan, ohiko taberna zulora egingo dugu bidea; gaur, ordea, eraildako emakume bakoitzagatik baino, bizirik gaudenongatik egingo dugu topa; modu sinplean eta azalpen gehiagorik eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.