Kattalin Miner.
LARREPETIT

Espazio publiko okupatuegia

2016ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Espazio publikoa okupatu nahi bada, eskatu egin behar da», Donostiako alkate Eneko Goiaren hitzak dira, zehazki Gipuzkoa Zutik-en protesten harira. A priori, oso demokratikoa dirudien baieztapena da Goiarena. Ulertu nahi baita espazio publikoa denona dela, baina ordena logiko baten barnean banatu behar dugula; akaso, arrandegiko ilaran bezala, gure txanda hartu eta tokatzen zaigun arte itxaroten.

Espazio publikoa, ordea, ez da Bulebarra edo Gipuzkoa plaza soilik. Feministok aspaldi egin genuen irakurketa zabalagoa, hain zuzen, ondo dakigulako espazio publikoaren eta pribatuaren arteko banaketa heteropatriarkalean zein toki egokitu izan zaigun emakume izendatutakooi, eta are hobekiago dakigulako arrandegiko txartela hartuta ere gure txanda heltzen denerako saltokia ixten digutela behin eta berriro.

Izan ere, espazio publikoa ez dago hutsik, okupatuta dago jada, okupatuegi agian. Espazio publikoa, izan kalea, udaletxea, akademia, telebista edo dena delakoa, ez dago denontzako prest, ez dago baimen xume bat eskatuta besteok sar gaitezen esperoan. Agian bai, demokraziaren printzipio ustelei begira, lekutxo bat izaten dugu tarteka, baina berez gurea ez dela argi utziz.

Espazio publikoa oro har okupatuegi dute inoiz baimenik eskatu ez duten horiek. Pribilegiodunek, nazkatu arte errepikatuko dugun «gizon, zuri, heterosexual, klase jakin batekoek». Eta hain zuzen, horiei eskatu behar diegu, edukazioz, denona omen den espazio publiko horren pastel zatia.

Espazio publikoa hartzeko (dena delako forma edo esparruari dagokiola ere) ez da baimenik eskatzen, errekuperatu egiten da, hartu. Izan ere, espazio publikoa (batzuen) baimenik gabe hartzeak espazio publiko horren banaketa desorekatua mahaigaineratzen du bere horretan. Eta ez gara ilaretan ustelduko, kalea, gaua, plazak eta bizitzak geureak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.