xabier martin
GEURE KONTU

Sindikalismoaren geroa abertzalea da

2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Hauteskunde sindikalen azken emaitzek sendotu egin dute sindikatu abertzaleen hazkundea, eta gero eta argiagoa da aspaldian azaleratzen ari diren zenbait joeraren oinarria unean uneko aldagaietatik harago bilatu behar direla. ELA eta LAB gora doaz, 2014tik 1,20 eta 1,22 portzentajezko puntu igota hurrenez hurren, eta CCOO eta UGT, behera, 0,67 eta 1,41 jaitsita. ELAk indartu egin du bere nagusitasuna, eta gehiengo sindikalaren gehiengoa inoiz baino handiagoa da, LABek ere bere ordezkaritza handitu ondoren. Hego Euskal Herrian, %54,5eko ordezkaritza ematen du bien arteko batuketak (ELAk %35,08 eta LABek %18,35), eta Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan %60ko sabaia hautsi dute lehen eta bigarren indar direnek; gaur egun %60,13koa da bien arteko batura (ELAk %41,04 eta LABek %19,09).

Abertzaleen gorakada eta buruzagiak Espainian dituztenen beherakada azaltzea helburu duen edozein analisik sindikatu bakoitzaren ereduari erreparatu behar dio, ezinbestean. ELA eta LAB konfrontazio eredu argi batekin ari dira azken urteetan, patronalarekin eta EAEko zein Nafarroako gobernuekin egin ahal dituzten itunak zorrotz baino zorrotzago neurtuz; besteak beste, jakin badakitelako lan erreformaren garaian aurkariak jokatzen duela eskutik beti, eta langileak gogobetetzeko akordioak kalean irabazi behar izaten direla, inoiz baino gehiago. Haien aldean, eredu paktista eta otzanagoa da CCOO eta UGTrena, Elkarrizketa Sozialaren Mahaian esertzen dena, posibilismoa bandera gisa hartu, eta babarrunak egosten dituztenen alboan ahora zerbait eramateko modurik izango dela uste duena, eltzera hurbiltzeko aukerarik apenas egon arren.

Beste aukerarik ba ote dute, ordea, CCOOk eta UGTk? Zenbatekoa da bere afiliatuen adinaren batez bestekoa? Pentsiodunen multzoa haztearekin batera hustu egiten da sindikatu bi horien afiliatuena, nahiz eta abiadura desberdinean izan, eta langile gazteen artean oso zaila egiten zaie erretiroa hartutako afiliatuen erreleboa topatzea. CCOOk jasotzen zuen garai batean UGTk galdutako jarioaren zati bat, baina hori ere bukatu da. Izan ere, begien bistakoa da sigla desberdinak dituztela, baina, salbuespenak salbuespen, ba ote dute hori baino desberdintasun handiagorik gaur egun?

Lur batzuk harago

Afiliazioaren erreleboari eusteko arazoa sindikatu guztiena da, ordea. ELAk eta LABek ere badakite hori, eta esparru horretan urrats esanguratsuak egiten hasi dira. Sindikalismoaren sektore tradizionalak utzi gabe, lur berrietara abiatu dira sindikatu abertzaleak, gazte, emakume eta etorkin prekarioz jositako alorretan antolakuntza eskaini eta sarritan industriatik kanpo aritzen diren beharginen baldintzak hobetzeko saioak eraginez. Hor daude Huerta de Peraltako greba, NH eta Barcelo Hoteleko garbitzaileena, Navarplumarena eta beste hainbat eta hainbatenak. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk laburtu du berriki sindikatuen geroa baldintzatuko duen erronka: «Epika berriak sortzen ari gara. Borroka sindikala ez da mugatzen industriako gizon zurietara. Emakumeak, migranteak... Guztientzat eta guztiekin aritu behar dugu, ekintza sindikala berritzen eta sektore berrietara zabaltzen».

Konfrontazio eredua epe laburreko aldagai gisa har daiteke, eta sindikatuek arrotz izan dituzten sektoreetara zabaltzeko gaitasuna, epe luzekoa. Bietan egin dituzte aldeak ELAk eta LABek egoitza nagusia Madrilen duten sindikatuekiko. Baina bigarrenean dago geroa, erreleboan hain zuzen, langileen aldeko borrokara behargin gazte gehiago erakartzeko erronkan. Eta esparru horretan ere sindikatu abertzaleak dira nagusi, eta nagusitasuna handitzeko pausoak eman dituzte azken hilabeteetan. Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kide izatea zilegi da, baina babarrun egosietan ogi puska bat bustitzea baino hobea da babarrunak lur berrietan ereitea gose ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.