Iker Aranburu.
GEURE KONTU

'Brexit' gogorrak badu bere logika

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Igande arrunt batean baino gehiago erreparatuko diete gaur nazioarteko notiziei hainbat euskal herritarrek. Enpresetako salmenta ataletako arduradunek, garraio enpresetakoek, alturako patroi batzuek... horientzat eta beste batzuentzat egun seinalatua izan daiteke gaurkoa, beren eguneroko lanean eragin handia izan dezakeen auzi batek, brexit-ak, E egun horietako bat duelako. «Erabaki irmo bat» hartzeko eguna da gaur, asteazkenean Boris Johnsonek eta Ursula von der Leyenek gaur arteko epea eman zutelako zirt edo zart egiteko.

Erabaki hori honako hiru aukeretako bat izango da: merkataritza itun baterako akordio bat dagoela eta gauzek gutxi gorabehera orain arte bezala jarraituko dutela; akordioa gertu ikusten dutela eta negoziatzen jarraituko dutela —agian datorren urtera arte—; eta, akordioa ezinezkoa denez, alferrikakoa dela negoziatzen jarraitzea. Azken aukera horrek hartu du indarra azken egunotan, brexit gogorrarenak.

Gauzatuko balitz, urtarrilaren 1ean arazo bat izango dute notiziei begira aritu diren horiek. Muga zergak nola ordaindu eta esportazio paperak nola bete ikasi beharko du enpresako salmenta arduradunak; beste arrantzatoki bat aurkitu beharko du patroiak; Ingalaterrara kamioia bidaltzeko baimenak kudeatzen hasi beharko du garraio enpresako arduradunak; beste merkatu batzuk bilatu beharko dituzte Arabako eta Nafarroako upeltegiek...

Egun txarra izan daiteke Euskal Herriko ekonomiarentzat, Erresuma Batua bazkide komertzial handienetan hirugarrena delako. Iaz, Hego Euskal Herrien esportazioen %8,4 joan ziren hara, ia 3.000 milioieuro; inportazioak gutxiago dira, %2,9 edo 750 milioi euro. Brexit gogorraren ondorioz, bien arteko harremana zailagoa eta garestiagoa izango da, eta hortaz, oso litekeena da gutxitzea. Izango da irabazleren bat, noski, baina ekonomikoki galtzeko gehiago dago irabazteko baino.

Luze joan dira dibortzioaren paperak —2016ko ekainean izan zen erreferenduma—, eta amaiera agian ez da izango gehienek espero zutena. Baina badu bere logika. Izan ere, kontuan hartu behar da oso talde jakin batek bultzatu eta ustekabean irabazi zuela brexit-aren erreferenduma, eta ideia bakarra zutela: kontrola berreskuratzea, Erresuma Batua berriro subiranoa izatea, «Bruselaren diktaduratik kanpo». Kontzeptu lausoak dira horiek, hainbat urtez prentsa eurofoboak elikatuta, eta brexit gogor batek betetzen du ongien helburu hori. Bidean, Eskozia galtzeko aukerak handitu dituzte, Irlanda batuari atea ireki diote, galestarren independentzia gosea berpiztu dute, eta, ziur aski, kolpe eder bat emango diote ekonomiari; baina tira, zer dira arazotxo horiek inperio zaharrarekin amets egiten duten batzuentzat.

Arrantza baino, arauak dira gakoa

Bi korapilo ezin askatu izanak ekar dezake negoziazioen porrota. Arrantza da horietako bat, baina nekez esan daiteke haren ondorio denik. Zergatik? Batek, Erresuma Batuak, dena zuen irabazteko; besteak, EBk, dena galtzeko. Egoera horretan, gogor plantak azken unera arte egitea da bi aldeen estrategia logikoa. Europarrek, ahalik eta sarbiderik handiena lortzeko Ingalaterrako eta Eskoziako ur oparoetan; britainiarrek, aldiz, ahalik eta ur gutxien emateko. Negoziazioa azken muturreraino eramateak errazago egiten die biei erdibideko konponbide bat justifikatzea. Gainera, ez da sinesgarria merkataritza harreman sakon bat hautsi izana bientzat hain pisu gutxi duen sektore batengatik.

Hortaz, araudiena izan da gakoa. Eta biek dituzte argudioak horretan ere ados ez jartzeko. Arrazoi du Londresek esatean Bruselak eskatutakoak betetzeak EBri lotzen zuela, hurabazkide handiena izanik, errazagoa duelako araudiak inposatzeko. Baina are ulergarriagoa da EBren jarrera: ezin du onartu etorkizunean laguntza publikoak barra- barra emateagatik edo ingurumen arau bigunengatik lehia bidegabea egingo dion bazkide bat. Are gutxiago kontuan izanda negoziazio hori nagusitasun leku batetik abiatu zuela, Londresek baitu galtzeko gehien bien artean pareta bat jarrita. Dibortziorik ez zuen nahi Bruselak, eta ez du logikarik bere gain hartzea banaketaren kalterik handiena, hasiera batean teorikoa besterik ez den arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.