Bilbo Basket, konkurtsora

«Lehentasunezko hartzekodunekin» negoziatzea erraztuko diolako hartu du erabakia. Aurkeztu ez arren, entrenatzailea «lotuta» dago, eta Alex Mumbruren izenak indarra hartu du

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Bilbo Basket hartzekodunen konkurtsoan sartu da bere zorra birnegoziatu ahal izateko. Taldeak sei milioi euroko zor pilatua du, eta pauso hori eman beharra zeukan «lehentasunezko hartzekodunekin» negoziatu ahal izateko. Hartzekodun horiek, besteak beste, ogasuna, banketxeak eta jokalariak dira. Konkurtsoaren aurreko egoeran ezin zituzten negoziatzera behartu; orain, aldiz, Carlos Del Campo taldeko diruzainak espero du «akordio» bat egin ahal izatea. «Guztioi komeni zaigu. Akordioren bat lortu ezean, taldea desegin daiteke, eta inork ez luke kobratuko. Horregatik uste dugu akordioa egongo dela».

Bilbo Basket konkurtsora joatea ez da ezustekoa, denbora irabazteko estrategia baita. «ACBra garbi itzultzeko lehen pausoa da», esan zuen atzo Isabel Iturbe presidenteordeak erabakiaren berri emateko antolaturiko agerpenean. Are gehiago, pauso logikoa dirudi Urrezko LEB ligan izena emateko bidean —uztailaren 6ra arteko epea du—. Bilbo Basketek 1,6 milioi euro espero ditu ACBko jaitsiera funtsetik, eta berme hori erabili nahi du kobratu zain daudenekin negoziatzeko. Hori bai, ez daki zein epetan jasoko duen dirua. Kolpetik jasotzea eskatuko du, baina litekeena da ACBk lau urtean ordaintzea eskaintzea. Hori bai, aurrerantzean epaitegiak izendaturiko administratzaile batek taldearen erabaki guztiak gainbegiratuko ditu.

Zorrik handiena Bizkaiko Ogasunarekin du: hiru milioi euro inguru. Bere garaian zorra zortzi urtez atzeratzeko akordioa lortu zuen, eta epe hori abuztuan bukatuko da. Dena den, zuzendaritzak «harreman ona» du aldundiarekin, eta, orain, konkurtso egoeran, negoziatzen has daitezkeela azaldu zuen Del Campok.

Hartzekodunekin akordioren bat eginda, abian jarri beharko dute LEB ligako egitasmoa. Horretarako, taldeak zuzendari nagusi berria izango du, Javier Barcala enpresari bizkaitarra. Asmoa 1,2 milioi euroko aurrekontua lortzea da, eta zati handiena abonamenduen bidez biltzea. «5.000 zalek berritzen badute, batez beste 180 eurotan, 900.000 euro ditugu», argitu zuen diruzainak.

Kirol azpiegitura berria

LEB ligara begira, Bilbo Basketek «goitik behera» aldatuko du kirol azpiegitura, merkeago bat jartzeko. Kirol zuzendari bat eta bi entrenatzaile izango ditu. Del Campok esan zuen horiek lotuak daudela, baina ez dutela sinatu, eta hautaketak ez duela harremanik taldearen zorrarekin. Ñabardura horrek badu garrantzia, Bilbon asko zabaldu baita Alex Mumbru izango dela entrenatzailea, eta taldeak zorra du harekin. Taldeari dagokionez, asko jota pare bat jokalarik jarraituko dute. Javi Salgado izan daiteke bat, eta Aitor Zubizarreta bestea, iragan sasoian Iraurgin utzita jokatu zuen eskoltak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.