jakes goikoetxea
ERAZTUN MOREA. Dika Toua

2021. urtea

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Papua Ginea Berriko Dika Toua izan zen Olinpiar Jokoetan halterofilia lehiaketa batean parte hartu zuen lehen emakumea. 2000ko Sydneyko Olinpiar Jokoetan izan zen. Touak 16 urte baino ez zituen. 48 kilorainoko mailan lehiatu zen, eta hamargarren izan zen. Tokion49 kilorainokoan lehiatu da.

Olinpiar Joko gehiagotan ere izan da: Atenasen (2004), Pekinen (2008) eta Londresen (2012). Seigarren, zazpigarren eta hamabigarren izan zen, hurrenez hurren. Tokiokoak bosgarren Olinpiar Jokoak izan ditu. Rioko Jokoetarako ere sailkatu zen, baina ahizpari utzi zion lekua. Azkenean, ahizpa ezin izan zen joan, Papua Ginea Berriak ez zuelako eraman talderik, diru faltagatik.

Sydneyn, zoriaren edo zozketaren eraginez egin zuen historia; Tokion, berriz, halterofilian egindako ibilbide luzeari esker. Halterofilian bost Jokotan lehiatu den lehen emakumea da.

Ozeaniako txapeldun izan da hainbat urtez, urreak lortu ditu Pazifikoko Jokoetan, eta urre bat eta bi zilar ere eskuratu ditu Commonwealtheko Jokoetan.

Umetatik gustatu zaizkio kirolak, baina halterofiliak erakarri zuen. Papua Ginea Berriko entrenatzaile batek etxe atzean zeukan gimnasiora joaten zen egunero, nola entrenatzen ziren ikustera eta jolastera. Bera ere animatu zen arte. 10 urte baino ez zituen. Ondo moldatzen zen. Jolasa joko bihurtu zen. 13 urterekin hasi zen nazioartean lehiatzen.

Sydneyko Olinpiar Jokoetan, 16 urte baino ez zituen. Neskato bat zen. «gogoan dut atera nintzenean: jendetza, ni urduri, baina ona izan zen», oroitzen du. «Historia egin nuen». Izan zituen une hunkigarri gehiago: Atenasko Olinpiar Jokoetan berak eraman zuen Papua Ginea Berriko bandera irekiera ekitaldian. Gogorrak ere bai: tuberkulosi larri batek ibilbidea bertan behera utziko ziola pentsatu zuen 2013an.

Kaledonia Berrian entrenatzen da, Ozeaniako Halterofilia Institutuan, familiarengandik milaka kilometrora. Bertan biltzen dira zenbait irla eta artxipelagotako pisu-jasotzaileak. «Zorionekoa» sentitzen da, edozeinek ezin duelako Olinpiar Jokoetan parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.