Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Desitxura

2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Egitura patriarkal batean bizi garelako emakumeok zer motatako biolentziak pairatzen ditugun batzuentzat zaila izaten da ikusten, muturreko bortxa ez bada behintzat; nik, dena dela, nabarmen igartzen ditudan prozesuetako bat da emakumeen errepresentazio partziala, mugatua eta are distortsionatua hedabideetan, filmetan eta, zer esanik ez, publizitatean.

Horren harira bi adibide elkartu zaizkit buruan. Ileena dago batetik. Hegemoniaz etengabe dihardugun honetan, horra hor emakumeen besape eta hanka (eta dirudienez orain alu) depilatuak, adibide nabarmen bat. Irudi luke emakumeok, ugaztun xumeak azken batean, ez dugula toki horietan bilorik. Kontuaz nazkatuta Rocío Salazar artistak bere iraultzari ekin zion ilustrazio-sorta zorrotz batekin. Gure herrietako paretetan argitaratzeko moduko esaldiak oparitu zizkigun, hala nola: zelan izango dira ba maskulinoak aluko biloak? Amelia Barquín irakasleak ere argi eta sakon eta umore ttanttaz idatzi zuen gaiari buruz bere blogean, ile sozialez eta politikoez ziharduten bi artikulutan.

Bestetik, nahi gabe antzean entzundako elkarrizketa bat, paradoxa itzel bat, telebistako makillaje-gelan. Zure aurpegiaren distirak pantailaren bestaldeko ikus-entzuleak kronikoki itsutzen omen dituela-eta, minimoki bada ere berdindu behar omen duzu bisaia platora aurretik. Nire atzeko orrazte-aulkitik emakume batek zioen asko poztu zela aurreko batean, telebistan ikusi zuelako nesken kirol-talde espainiar bat, dominaren bat irabazi berritan, denak pozik, denak txapeldun, denak ahaldunduta eta makillatu gabe. Poztu zuela oso gutxitan ikus ditzakegulako emakume eredugarriak betile kizkurtuetatik aske.

Zer esango dizuet ba. Nik ileak ditudala nahinora. Eta betzuloak, eta oreztatxoak sudurrean, eta izarrik gabeko gauetan ñir-ñir egiten duen giza gantza bekokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.