Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Maitasun-ez

2014ko urriaren 31
00:00
Entzun
Elkar maitatzearen sinboloez bete zitzaidan aurreko astea ustekabean. Egiari zor, denak ez ziren izan hain bat-batekoak, aspaldi izan nuelako, lehenengoz, bollorrioaren aditzea, eta, aspalditik neukalako, halaber, bertara joateko izena eta hitza emana. Eztei arruntetan bezala jantzi apainak, jan-edana eta musika barra-barra egon arren, askotariko ezezkoak aldarrikatu zituzten andregaiek, betiko bi bai-en ordez; edo, negatibotasuna taldez aldatuta, beti(ra)ko botoei beharrean, afektuak eta maitasunak euren modura kudeatzeko erabaki hautatu, maitasunezko eta politikoari esan zioten ozen baietz.

Paristik iritsi berri, duela pare bat hilabete graziak egiteko balio izan zidan beste maitasun-ikur batzuk nerabiltzan buruan: Sena gaineko zubiei katigatutako giltzarrapo erromantikoak; pisuaren pisuz egituron oreka eta gainetik pasatzen direnen ongizatea arriskuan jartzen zituztela-eta, udaletxeak guztiak ken zitzatela agindu eta berririk ipintzea debekatu zuen arren, bihotzez eta izen-bikotez sendo hornituta segitzen baitu, besteak beste, Pont des Arts-ek.

Artegagarria zait norbaitekiko grina eta konpromisoa aska ezin dezakezun (giltza errekara bota duzulako) engranaje batekin irudikatzea.

Gaur, ordea, lasaixeago ditut barrenak, ez soilik eta noski bollo-ebentoa, akelarre baten moduan, katartikoa, festazkoa eta ahalduntzailea gertatu zitzaidalako, baizik eta Parisko irudi zanpatzaile hedatuagoari ere ikusi nizkiolako lehen arrakalatxo-izpiak. Norbaitek, maitasun aparatuaz apur bat mesfidati-edo, giltzatxoduna beharrean, kalean gordetako bizikletetan ohikoak diren zenbakizko pasahitzdun giltzarrapoa lotu zion zubiari, noizbait eta nonbait baldintza egokiak elkartu, lotura blindatzen duten gakoak auzitan jarri eta lur berrietarantz hegan alde egiteko esperantzaz, antza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.