Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Gauzen neurrira

2015eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Orain gutxi adiskide bati enpiriko deitzen ditugun zientzietako jendearekin jardutea egokitu zitzaion eta jakintza ideologikoa dela eta egia eraiki egiten dugula pasadan moduan aipatu zienean aurreikusi gabeko gauzak gertatu ziren, tartean zur eta lur geratu zitzaizkiola, eta desados, argudiatuta molekulak eta atomoak eta energia hor daudela errealitatean eta adibidez kimikariek maskara baino ez dietela kentzen. Horri tiraka beste norabait joango naiz gaur, gorputzok ere hemen baikaude errealitatean, biologo eta sendagileek maskara ken diezaguten, irakurriak garen heinean baino ez baikara gorputz zehazki izendatu bilakatzen.

Muturreko kasuetan igartzen da gehien. Hori dela-eta, Anne Fausto-Sterling biologo eta ikerlariak haur jaioberriei sexu-etiketa esleitzeko prozedurak aztertu ditu erruz, eta modu dibulgatiboan zabaldu, besteak beste, Sexing the Body: Gender Politics and the Construction of Sexuality liburuan. Kontatzen duenez, AEBetako erietxeetan, haurraz erditu eta 24 ordu igaro baino lehen erabaki behar da, genitalen arabera, ume hori ar ala eme den. Zenbait tokitan, zalantzazko kasuetan, erregela primario bat baliatzen dute: klitoria ezin da izan X baino handiagoa, ez da zakil bat baldin eta Y baino laburragoa bada. Soberan dagoena moztu, faltan dagoena apur bat luzatu, enpirikotasuna malgu.

Jakintza bezala sortu ditugula gizonak eta andreak gaur ulertzen ditugun moduan, alegia, sinesmen jakin batzuen arabera. Generoaren kontzeptua erabilgarria da hainbat kontutarako, baina oraindik deseraikitzeko dago oinarria: egon badaudela bi sexu ezberdindu, berez, betidanik eta betirako. Komeriak gero biko taulara zirt edo zart moldatzen ez diren jendeak jaiotzean, komeriak eta susmo ustelak andre bat geuk ezarri muga baino abilagoa bada futbolean: froga aseptiko ezin partzialagoen mutilazioa umiliazio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.