Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Ubuntuduna

2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ubuntu Afrikako zulu hizkuntzetatik datorren berba da, bizitza filosofia bat. Umuntu, nigumuntu, nagamuntu esaera zaharretik omen dator, eta, «pertsona beste pertsona batzuen arabera da pertsona» esan nahi omen du gutxi gorabehera.hona hizkuntzan Unhu omen da, munhu munhu nekuda kwevanhu.

Ezaguna da Desmond Tuturen definizioa ere. Haren esanetan, ubuntuduna «zabala den pertsona da eta beti besteentzako eskuragarri dagoena. Besteak babesten ditu eta besteak zerbaitetan onak izatea ez da beretzako mehatxu, bere buruaz seguru baitago, osotasun baten parte dela badakielako, beste batzuk makurraraziak edota gutxietsiak direnean, beste batzuk torturatuak edo zanpatuak direnean gainbehera datorren osotasuna».

Mandelak zioen bera gazte zenean, Afrikan bidaiatuz gero eta herrixketan gelditu, ez zegoela janaririk ez edaririk eskatu beharrik ere. Geldituz gero, jendeak janaria ekartzen ziola bisitariari, zaindu egiten zuela. Hori zela ubuntuaren parte bat, baina ertz asko zituen.

Diotenez, antropologo batek Afrikako tribu bateko haurrei frutekin betetako otzara bat jarri zien zuhaitz batetik hurbil, eta esan zien lehenengo heltzen zenarentzat izango zirela denak. Irteera ematerakoan haur guztiek elkarri eskutik heldu, eta denek batera egin zuten bidea, eta denen artean jan zuten. Hori zergatik egin zuten galdetzerakoan, «ubuntu» erantzun zioten. Nola egongo da gutako bat pozik beste guztiak triste daudenean?

Hainbat esanahi ditu ubuntu-k Afrikan zehar: norbanakoa komunitatearen parte moduan, elkartasuna eskuzabaltasuna, umiltasuna, jendartekotasuna...

Euskal Herrian ubuntu Periko Solabarria izan da, ubuntudunik ubuntudunena. Beti besteen eskuragarri, osotasun baten parte zela zekiena, besteek jasandako bidegabekeriak bere kontrako bidegabekeriak zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.