Kattalin Miner.
LARREPETIT

Beldurren aldeez

2015eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Elizondotik etorri zaigu inork aditu nahi ez genuen berria. Gauak eta kaleak ez ezik egunak ere emakumeonak ez direla gogorarazi diguna. Gainera, adingabea zela erasotua; eta erasotzailea. Horrekin eskuak burura eramaten ditugu, eta larritasunik kendu gabe, esango nuke horrek erakusten duena indarkeriaren egiturazko logika eta bortxazko egoeren normaltasuna besterik ez dela.

Baina heldu nahi bagenioke serio honi, otutzen zait ez dela beste munduko erokeria demagun autodefentsa feminista ikastaroak gure curriculumean txertatzea, eta, aldi berean, ez legokeela gaizki des-ahalduntze ikastaro batzuk ere jasotzea, oraindik mundua haien neurri eta gogoetara inpunitate osoz eraikia nabari duten mutiko horientzat.

Noski, horrekin beldurraren eta hori bera aldez aldatzearen afera datorkigu. Berriro ere, paradoxikoki izutzen gaituzte beldurra aldez aldatu nahi dutela dioten ahots horiek, eta ez hainbeste, gizateriaren erdia beldurrez bizitzea hain normalizatua izatea.

Esango nuke izu horren atzean badagoela ez ulertu nahia, baina are gehiago horrek ekar dezakeen jendarte ordenaren alterazioa. Hau da, barru-barruan, beldurra aldez aldatzearen leloak izutzen dituztenak badakitelako feminismoak ez duela helburu txanponari bira eman eta bestelako izu jendarte bat eratzea. Hain zuzen, Galeanoren hitz ezagunak hartuta, esango nuke ez ote digun beldur handiagoa ematen beldurrik gabeko emakumez osatutako jendarte batek.

Beldurra, boterea bezalaxe, gure komunitateen parte da, eta hori bera kudeatzea besterik ez dugu. Hortaz, pentsa dezagun «beldurrik gabeko mundu bat nahiago dut» jarrera inozente bat hartu ordez, zer litzatekeen bortxagarriak diren gorputz horiek beldurtuta bizi diren jendarte bat baino, bortxatzaile izan daitezkeen gorputz horiek beldurtuta bizi diren jendarte bat. Eta jaitsi eskuak burutik behingoz, hau aldatzeko prest bazaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.