Eneko Gorri.
LARREPETIT

Aniztasunaren izenean

2015eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Iragan astean, kostaldeko antzerki talde ezagun batek Ipar/Hego Nazioarteko kolokioa antolatzen zuen. Bi urtetarik behin jardunaldi hori aniztasun kulturalaren inguruan gogoetatzeko aukera da, intelektual, artista, filosofo eta beste trobadore batzuen eskutik. Astebetez, jende guzi hori mintzaldi, ikusgarri eta performantzietan ibiltzen da, bihotz-zabaltasuna eta izpiritu-irekidura ardatz duten egunetan.

Asistentzian, adin batez bestekoa 50 urtekoa da. Jantzi kodeak errespetatuak dira: Chech zapia lepo inguruan, sarwel moduko galtza soinean, betaurrekoak buru gainean. Karikatura bat dirudi, baina ez da. Afrika erdigunean bizi den leinu baten ahozkotasunaren transmisioari buruz miretsirik egoten den edo Amazonia zolako medikuntza tradizionalaren galtzeari buruz asaldatzen den publikoa da.

Aurten, antolatzaileek «tokiko kulturei» buruz ere gogoetatzeko tarteak sortu nahi izan dituzte. Kanakiako haur-ipuin berreskurapena eta Frantziak hizkuntzen alde daraman (gaitzeko) lanaren aurkezpenen artean, hizkuntzalari batek euskara eta hizkuntza bakartuei buruzko hitzaldi bikaina eskaini du. Arratsaldean, Kukai dantza konpainiako lagunek sorkuntza garaikidea eta inspirazio tradizionala hizpide zuten.

Aniztasuna, pluraltasuna, ikusnahia, enpatia, deskubrimendua, partekatzea, begirunea… kontzeptu ederrak entzuten dira ezker eta eskuin. Baina basque hitza ahoskatzen den aldi oro, publikoaren parte bat bere kaderan xifratzen hasten da. Hizlariak ere, gaia burgoitasunezko apalmenduz aurkeztu du, jendetzaren trufa konplizea eraginez. Baina artista batek hitza euskaraz hartu duelarik, itzultzaileari frantseseratzeko denborarik utzi gabe, tipo batek terrorismoaren aldeko propaganda egiten ari zela kexatu eta gelatik alde egin du. Karikatura dirudi, baina ez da hala. Entzun nahi ez duenak ezkila, soka tira ez dezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.