Kattalin Miner.
LARREPETIT

Feminismo sabatikoa

2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Emma Watsonek, alegia Harry Potterren filmetan Hermioneren papera bete zuen aktoreak, honako hau helarazi dio munduari: urtebetez aktore lanak alde batera lagako dituela feminismoan murgiltzeko. Hots, urte sabatikoa hartuko duela emakumeen eskubideen alde aritzeko.

Pentsa genezake, inuzenteki, militantzia amaigabe batean murgilduko dela, baina esan duenez, urte honetan irakurketa feministak egitera bideratuko du bere denbora. Irakurketak, zentzu hertsienean, astero liburu bat irakurtzea baitu helburu. Horrek berak emakumeen alde zerbait egitea balekar bezala.

Esango nioke Watsoni liburuak irakurtzea, teoria feministan murgiltzea eta historia feminista ikastea garrantzitsua dela, bai. Gure artean ere azkenaldian gero eta gehiago entzuten dela «liburu hau irakurri behar da» leloa. Baina are gehiago eskatuko nioke Watsoni, bere pribilegio dirudun, zuri, europear eta heterosexualak gainetik kendu eta lokaztu dadin. Kontatuko nioke feminismoa praktika bat dela ezeren gainetik. Eztabaidan ikasten dela, ekinaren eginez sortzen dela. Eta ezer baino gehiago, kolektiboa dela.

Feminismoa ez dela zuria, garbia, inpolutoa; feminismoa zikina, aldakorra, bastardoa izan daitekeela. Feminismoa ez dela burmuinean itsasten liburuekin, baizik eta gorpuztu egiten dela, bizi, usaindu, eta orbanak uzten dituela sarri.

Feminismoak oinarrian botere guztien birplanteamentua dakarrela, eta horretarako, ezinbestekoak direla aurrean jartzen zaizkizunak eta zure pribilegioak dantzan jartzen dituztenak.

Eta, batez ere, feminismoa lantzeko ez dagoela urte sabatikorik hartzerik. Feminista zarenean bizitza bera dela feminismoa, egunero egiten dela, izan aktore, garbitzaile edo mekanikari. Mundua ez da geratuko Watsonek liburuak irakurtzen dituen artean, eta esnatzerakoan, patriarkatuak hor jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.