Zihara Enbeita.
LARREPETIT

Arduratuta nago

2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Arduratuta nago. Egia da. Arduratuta nago seme-alabak ditudalako. Etxean egiten duguna egiten dugula, dugun jarrera edo irudia dugula ere, hezkidetzara begira ez dela nahikoa konturatzen naizelako egunero. Sentsazioa dudalako gero eta gehiago ezberdintzen ditugula neskak eta mutilak, gero eta produktu gehiago daudela neskentzako edota mutilentzako, gero eta sexualizatuago eta estereotipatuago dagoela dena. Eta, gainera, badirudielako zoro batzuk baino ez garela horretaz kezkatzen garenak.

Eta ia egunero galdetzen diot neure buruari ea hain zaila den irakaskuntzan adibidez (eta ez nuke pisu dena bertan utzi nahi, ezta inola ere) egoerari buelta ematen ahalegintzea. Estereotipoak saihestea ikusten diren filmetan, irakurtzen diren liburuetan. Hain zaila ote den, haurreko batean aipatzen nuen legez, haurrek horren gustuko dituzten dinosauroen gaia agertzen denean Mary Anning paleontologoaren inguruan berba egitea. Haren aurkikuntzek nolako garrantzia izan zuten. Eta, hain zaila ote den film bat aukeratzerakoan gutxienez Berchdel testa betetzea. Hau da, gutxienez pertsonaia bi emakumezkoak izatea, behin behintzat euren artean berba egitea eta elkarrizketa hori ez izatea gizonezkoen gainean berba egiteko.Nahiz eta test hori nahikoa ez izan, nahiz eta test hori betetzen duten hainbat filmek ez duten hezkidetzan gehiegi laguntzen eta estereotipoak bultzatzen dituzten.

Eta egunero irakurtzen dut nola ez diren berdin neurtzen neska eta mutilen azterketak. Batzuk azkarrak direla, berezkoa dutela, eta besteak ahalegindu egiten direla. Eta nola hain umetatik ikasten duten haurrek zer dagokien eta zer ez dagokien euren sexuaren arabera eta hortik ateratzen den hori nola sekretupean gorde beharrekoa den. Gure semeak trentzak egiteko panpina burua eskatzea legez. Kontrabandoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.