Kattalin Miner.
LARREPETIT

Erakartze efektua

2016ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Sustoa hartu du baten batek agian, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatuko duelako. Hots, ezertxo ere etxeratzen ez duten horiei, duintasuna ere bermatzen ez duten lau xoxak kenduko dizkietela, zer eta «erakartze efektua» eragozteko.

Motzean esanda: Gipuzkoa migrante alfer eta bizkarroiz bete aurretik, jada txiro direnak are eta txiroago egitea eta dirua sobera dutenentzat fiskalitate adeitsu bat izatea. Guztion Gipuzkoa omen.

Bada, ezer berririk ez jeltzaleen eguzkipean. Baina susmoak esaten zidan, bestalde, nahikoa progre zebiltzala jeltzaleak errefuxiatuen kontuarekin, eta bilatu dut iazko irailean EAJk errefuxiatuen krisiaren harira egindako adierazpen publikoa, gogoan baitut zerbaitek narda izugarria eman zidala, eta hor topatu dut gako bat: «Jazarpenetik edo bortxakeriatik ihesi, beren herrialdetik alde egin duten errefuxiatuak beren herrialdea arrazoi ekonomiko hutsengatik uzten duten etorkinak baino lehen hartzeko eta arretari emateko lehentasuna», adierazi dute.

Lehentasun kontua da, beraz, EAJren Aldunditik erakutsi nahi digutena. Txiro onak eta txarrak daudela, eta, beraz, «beren herrialdea arrazoi ekonomiko hutsengatik» uzten dutenak ez direla lehentasuna. Beraz, Gipuzkoa ez da apeta ekonomiko hutsengatik bidaiatzen duten horientzako etxea.

Eta, aldi berean, gipuzkoar on gisa, ni ere kezkatuta nauka «erakartze efektuak». Nola ez, gugana lapurtzera etorriko baitira ate-joka. Musu truk hiritar zintzoen zergak xahutuko dituzte. Baina arriskua ez dira izango 1.422 familia horiek edo atzetik etor daitezkeenak; arriskua, gobernu honek aberastasunaren gaineko zerga kentzeaz bat, lau txanponen truke Gipuzkoara gerturatuko diren esplotatzaile, enpresari, Panama-zale eta aberatsak dira. Beraz, ez erratu, hor baitituzue bizkarroiak, hor lapurrak, hor drama, eta ez hurkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.