Eneko Gorri.
LARREPETIT

EH ez da Alday

2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gure lurraldean udaberriko oporrak bukatu berri dira, eta beste akademia batzuetan, aldiz, hasten. Eskola bakantzen egutegia hiru eremuren arabera antolatzearen interesa familien presentzia luzatzea da, turismoaz bizi diren aktoreen onerako prefosta. Eski estazioen okupazioan ikusten den bezalaxe, gure kostaldean ere agerikoak dira turisten presentziaren zantzuak: auto metatzeak, karrikak usaian baino beteagoak, terraza jendetsuak... eta ostalarien irria ezpainetan.

Egun eguzkitsuen itzulerarekin, gure lurraldea tumorez betetako izaki minbiziduna dela oroitarazten diguten beste seinale diskretuago batzuk ere badira. Sakonagoak, baina isilak. Udaberrian berriz irekitzen hasten baitira etxe hutsetako leihoak. Negu osoan hutsak egon ondoren, jabe dirudunek beren bigarren etxebizitza biziberrituko dute, lasaitasun eta koadro idiliko baten exijentziarekin. Azaleraz mugatutako eta nortasunez kolonizatutako lurralde batean, errealitate horrek funtsezko arazoak sortzen ditu.

Biarritz batean, etxebizitzen %44,8 bigarren mailakoa, noiztenkakoa edo hutsa izateak ez ote du esplikatzen eskolak husten direla auzoenak betetzen diren bitartean? Getarian tasa hori %51,3koa eta Donibane Lohizunen %50,4koa izateak ez ote ditu gazteentzako debekuzko prezioak eragiten? Larrainen etxebizitza printzipalen proportzioa %36,6koa bakarrik izatea ez al da problematikoa? Batzuetan entzuten dugu merkatuaren legea naturala dela, horren kontra deus gutxi egin daitekeela. Ihardesten zaigu ere jendeak erosi ahal izateko parean saltzaileak egon behar direla. Baina lanerako bidean, behin baino gehiagotan etxe agentzia baten publizitateek «Euskal kostaldean inbestitzea» edo «zergak arintzeko ondasun higiezinak erostea» sinetsarazi nahi didate. Nola ez pentsa, beraz, berezko joera gisa aurkeztua zaigun hori uste baino antolatuago dela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.