Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Hormak

2017ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Badakit Donald Trumpek Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuen artean eraiki nahi duen horma salagarria dela. Ez da, hala ere, Ceutan, Palestinan, Melillan edo Mexikon bertan aspalditik eraikita dauden hormak baino eskandalagarriagoa. Erdi Aroan, gerretatik babesteko asmoz, harresiz inguratzen ziren herriak. Gure aroan, berriz, harrizko, sarezko zein kordoi polizialezko mugak eraiki ditugu gurera inor sar ez dadin. Joaten, joan behar ez luketenei uzten diegu, baina, etortzen, ia inori ere ez.

Ezagutzen ditut umea zein ikastetxetan matrikulatu aukeratzerakoan zentro bakoitzeko atzerritar kopuruari adi begiratu diotenak. Ez dute begi onez ikusten euren umea besteez inguratuta egotea, «ez baitira integratzen», arrazoitzen dutenez. Astelehen goiz batean kalean dabilen jendea erreleboka lan egiten duen jendea dela pentsatzen dugu gehienok, edo gure moduan egun librea daukala, edo langabezian daudenak direla, krisi garaiotan ohikoa denez. Hori bai, lan orduetan kalean dabiltzanek guk baino azal ilunagoa badaukate, aldatu egiten da ikusteko modua. Telebistako mahai inguru batean argitu zidaten nik ez nekiena, baina, haien ustez, egia bakarra zena: halako hiritan, halako parketan aste egunez egoten diren ehunka lagunek ez dute lanerako asmorik eta diru laguntzen bila etorritakoak dira. Txinatarrek Euskal Herrian zabaldutako denda guztiak pertsona batenak direla iruditzen zait «txinoetan erosi dut» entzuten dudan aldiro. Normala omen da horrela deitzea denda guztiei eta bakoitzari: ez ei da erraza txinatarrak elkarrengandik bereiztea. Joan den astean, Errumaniako emakume batekin topo egin genuen Gizarte Zerbitzuetarako bulegoan; agure batekin etorri zen. Kalea zapaldu orduko esan zuen norbaitek agurearen diruak amaituko zituela.

Hormak, hormak eta hormak. Erraz uzten diegu politikariei: gure buruek harrizko hormek baino zirrikitu gutxiago dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.