Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Latza

2017ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Oso latza izan da. Ez dago filosofia handien beharrik tortura zer den esplikatzeko. Oso latza izan da, entzuten dugunean, badakigu zertaz ari garen: Joxe Arregiz ari gara, eta ez gara Joxe Arregiz bakarrik ari. Luzea da gurean torturaren itzala. Asko dira gurean torturaren koloreak. Latzak dira gurean polizia-etxeko orduen lekukotzak. Otsailaren 13 batez hil zuten Joxe Arregi. Hilketa haren berri etxean jaso nuen, baina gerora, neuri tokatu zait elkarrizketak eten behar izatea gordinaren gordinaz. Ahaztu nahi eta ahaztu ezin den zerbait da tortura. Saiatzen gara torturatuarekin ezer pasatu ez balitz bezala egoten, baina ez gara konturatzen ze sufrimendu den kalean ibiltzeko esfortzua egin behar izatea zure ondotik pasatzen denak egin dizutena ukatu egiten duenean. Irakurri nion norbaiti torturari esker atentatu asko saihestu direla, baina ezer ez dakiena ere apurtu egiten du Poliziak: kontra gaudenok umiliatzea ere bada torturaren helburua. Gazte bat elkarrizketatu nuen behin. Ertzaintzaren polizia-etxean egon zen inkomunikatuta, eta barre egiten omen zioten: «deitu iezaiozu Justizia Sailburuari eta eskatu protokoloa aplikatzeko». Ospitalean amaitu zuen atxiloaldia. Orain, ordea, ez omen da loreontzian kabitzen Ertzaintzak torturatu egiten zuenik esatea. Hala esan didate aste honetan: gehiago omen da Ertzaintzak jasan duena egin duena baino. Ez omen dira Ertzaintza eta Guardia Zibila berdindu behar, eta torturaren salaketarekin hori egin nahi omen du Sortuk. Elkarbizitzarako ponentzia izorratu ei dezake Ertzaintzari tortura aurpegiratzeak. Zoru etikoan ezker abertzalearen autokritika bakarrik kabitzen da: merezi izan dugu egin diguzuen guztia, orain libre zaudete zuen miseriak arakatu gabe aurrera egiteko. Oso latza izatenari da zuen adierazpenekin berriz ere torturatzen ari zareten hiritarren mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.