Julio Soto.
LARREPETIT

Jende zoriontsua

2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Erronka partikular batzuekin jaiotzen gara gizaki guztiak, norbere familia eta lurrari erantsitako karga berezi batzuk bizkarrean harturik. Erronka pertsonalak eta kolektiboak. Nazionalak eta mundutarrak. Halaxe jaiotzen gara euskaldunak ere, bakoitza bere borroka pertsonalei aurre egiteko beharrarekin, eta hizkuntza eta nazio bati bidean aurrera egiten laguntzeko aukerarekin. Zorionez, munduko beste txoko askotan bezala, gurean ere, hizkuntza eta nazio bati askatasuna ematen laguntzea, aukera bat izatetik, betebehar bat dela sentitzera igaro gara asko. Maitasunagatik. Ez beste ezerengatik.

Eta zein erronka ederragorik herri bati munduan ahotsa jartzea baino; zein bide aberasgarriagorik horretarako elkar ulertzera iritsi behar izatea baino. Orain artean egin dugun bezala, oraingoan ere geure burua berrasmatu eta herri hau bidean aurrera eramateko ahalegin zintzoena egingo dugu. Guk, herritarrok. Talde politikoei aurrea hartuta, etor daitezela gure atzetik. Alderdikeriek ulertzen ez duten emoziotik, botere nahiak zipriztintzen duen pozetik.

Horixe izan zen elkarri eskutik heldu genionean sentitu genuena, emozioa; horixe izan zen errepide ertz bero hartan eguzkia irribarrez jarrarazi zuena, poza, talde poza. Aspaldi sentitu ez genuen puntu amankomun batean topo egin izana. Sua.

Horregatik bete behar ditugu datorren igandean bost hiriburuak herritarrez, sua itzali ez dadin beharrezkoa den emozioa, poza eta maitasuna sentituko ditugulako berriz ere puntu amankomun horretan topo egitean. Eta horretarako zu ere beharrezkoa zara.

Nire ondoan jartzen bazara ez dizut izenik galdetuko, ondokoak niri galdetu ez didan bezala. Ez diot zure kamisetaren koloreari begiratuko. Aukerarik badut, eskua oratuko dizut, eta irribarre egingo dugu.

Herri libre batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.