Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Etxean

2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan alokatzeko pisu bila buru-belarri ibili naizela eta, beharra larrituz joan den heinean uda hurbildu ahala, geure bilatzaileon kaltetan, bizi garen hirian sargori-garaietan asko direlako kapaz gu baino askoz garestiago ordaintzeko tarte baterako aterpea, iltzatuta geratu zaizkit hainbat gauza, hauteskunde kanpainako lelo okaztagarri batzuekin nahastuta, gainera.

Mamu gaizto bat ibili baita hortik zehar, baten batzuek aski gustura astinduta: lurraldean sortu ez direnei (lurralde zehatz batzuetan jaio eta baldintza jakin batzuetan heldu direnei honaino, batik bat) orotariko laguntzak ematen zaizkiela etxeak hartu eta negozioak martxan jartzeko; are gehiago, batzuei kolpe zorririk jo gabe eguna patxada ederrean egiteagatik pagatzen zaiela soldata bat; apur bat gehiago estutzen banauzue, lurralde zehatz horietatik etorritakoak dira gero geure desgrazia guztien erantzule, izan lapurreta, garraio-azpiegitura zentzubako, alarde matxista, hizkuntzaren baztertze sistematiko, etxe kaleratze ala euri etenik gabeko.

Ezin esan diskurtso mota berria denik; bai, ordea, berrindartuta datorrela negu gorriak Europari ere eragiten dion honetan. Pentsamendu korronte hori jorratu dutenetako zenbait entzunda balirudike plazer-bidaia dela migranteena, itsasora bidean eta gero itsasoan bertan hiltzeko arriskua salbu, maitatzen zituztenak halabeharrez atzean utzi beharra salbu; balirudike mugara heltzean, hesiarekin eta jende armatuarekin topo egin beharrean, alfonbra gorri ezin amultsuagoarekin egiten dutela topo, bost izardun hoteletako toallen antzekoa, oinak hondarrarazi eta kailuak oro baretzen dituztenetakoa.

Kurioski, ordea, pisu-bilaketara itzulita, egiatan, hantxe jaiotako gazteen alde lerratu izan dira pribilegioak, etxejabe gehienek argi utzi baitute (eta ez ziren Erasmus ikasleez ari), ez zutela kanpotarrik nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.