Eneko Gorri.
LARREPETIT

Joko arauak

2015eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Txikitan ikastolako jostalekuan «Bat-bi-hiru tomate» jokoan jostatzen ginela oroitzen naiz. Lagun batek, paretaren kontra begiak itxita, «Bat-Bi-Hiru... Tomate!» zenbatzen zuen eta tzart tanpez itzultzen zen. Bere gibelean, bizkarrez zen denboran, beste guziek aitzinatu behar genuen eta itzuli orduko geldi-geldi egon behar. Gutariko bat mugitzen edo aitzinatzen ikusten bazuen, patatras, berriz hasierako lerrora itzuli behar. Egindako urrats guziak, txiki ala handi, alferrikakoak gelditzen ziren. Kontatzaileak mugitzen ikusi gaituelako bakarrik. Helburua paretara lehena iristea izanki, imajinatu ze garrantzia duen egindako bidean gibelera ez egiteak!

Joko horretan, bi estrategia badira: edo abiadura handian korrika egin laster aitzinatzeko, baina hartutako oldarrak gelditzea zailtzeko arriskua hartuz; edo emeki-emeki aitzinatu, arriskurik hartu gabe eta itzuli orduko geldi-geldi egon. Pottolo eta kirolari kaxkarra izanki, bigarrenaren alde egitea baizik ez zitzaidan gelditzen. Pixkanaka-pixkanaka, urratsez urrats, pareta helburu. Baina ze atsekabea, ze sumindura, ze desilusioa kontalariak mugitzen ikusi zaituela eta hasierako lerrora bidaltzen zaituelarik.

Bakearen alde urrats txikiak egiten ditugun garaiotan, gertatzen den atxiloketa, antolatzen den auzi edo urratzen den eskubide bakoitza, injustizia eta amorru sentimendu berarekin bizi dut. Baina hau ez da joko bat!

Sinetsi nahi nuke egindako urratsak ez direla alferrikakoak, baina arau berdinekin jokatu nahi ez duten bi estatu ditugu parean. Haien aspaldiko logikarekin ari dira: errepresioa, ukazioa, mespretxua. Alde batetik, Taubiraren hitzak; bestetik, Caseneuveren ekintzak.

Bakea ez da helmuga bakarrik, baina eguneroko bidea ere. Larunbatean, Donostian, bakea eta erabakiaren alde milaka izan gaitezen urrats txikiak egiten; Euskal Herriak bakea ezagutuko duen herritar belaunaldi berri bat merezi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.