Kattalin Miner.
LARREPETIT

Terrorea

2015eko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Dispertsio ditxosozkoa dela medio, sarri egin ohi dut bisita Parisera, eta estazio, aireportu, espetxe eta bestelako instituzioetan, adi begiratzen diet segurtasunaren izenean une oro bistaratzen ditudan polizia, armada eta bestelakoei. Egalité-aren errepublikan ezer ez da kasuala, estatuaren indarkeriaren erabilera ere ez. Izan ere, nabaria delako, batzuentzat zoritxarrez, Charlie Hebdo-ren osteko Paris ere ez dela bera.

Islamofobia deritzogun horrek mila forma eta errealitate sortzen ditu, hiritar arabiarrak jo puntuan jartzen ditu, izu eta terrorearen iturri izendatu.

Aurrekoan Montparnasseko geltokian nintzen itzulerako trenaren zain, eta ez bat eta ez bi AEBetako pelikuletako GEOS antzeko hogei bat robot azaldu ziren korrika, bertan geundenak eremutik joateko garrasika. Eremua zinta batez biltzen hasi ziren, eta horrek, benetan, gurearen amaiera zirudien.

Jendea ere oihuka eta korrika hasi zen izuaren izuaz. Alboan nuen andre bat haurrak besoetan hartuta zoro moduan ihesi hasi zen. Terrore modernoa ikusi nuen haren begietan. Histeriaren mugan dauden garrasiak izugarriak dira, dena jaten dute.

Egoera surreala bazen ere, istant batez lortu zuten nik neuk ere pentsa nezan pentsatzea nahi zutena: atentatu batean bizia galtzeko zorian nengoela.

Baina burua hoztu eta plano zabalagoz begiratu nuen albora: izuarekin kontrastean mugikorrari begira, pausoa baldar ikusi nituen hainbat, larritasunik gabe. Bati galdetu nion zer pasatzen ari zen. «Rien. C'est normal», esan zidan. Normal.

Bost minuturen ostean antzerkiaren amaiera heldu zen, eta GEOSek salbatzaileen ibilaldia egin zuten bidaiarion aurretik. «Nolatan munta dezakete halako kaosa, soilik beldurra sortu eta ondoren segurtasuna saltzearen ordainetan?».

Terrorismoa konbatitzen duen terrorearen atzean dagoena terrorismoa bera baino beldurgarriagoa da. Zin degizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.