Eneko Gorri.
LARREPETIT

Enbor beretik jalgiak

2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Badator Herri Urratsen 33. loraldia. Euskal Herriko lurralde guzietatik milaka herritarrek Senperen bat eginen dute euskara eta ikastolen alde. Famatu egin den afrikar legenda parafraseatzeko, kolibriaren antzera bakoitzak eginen du bere ekarpentxoa. Milaka ttantta ttikiz osatuak baitira ibai, erreka, itsaso eta aintzirak. Batzuetan harrigarria egiten zait euskarazko irakaskuntzaren bizirautea maiatzeko lehen igandeko bestaren arrakastari baldintzatua izatea oraino. Ezagupen osoaren ukazioa nolazpait.

Baina funtsean, Herri Urratsek maite dugun herria zein den oroitarazten digu ere. Instituzioetatik asko itxoiten ari garen garaiotan, 1979an nehorren baimenik gabe eta bere bidea eginez sortutako ikastolen ibilbidea aurpegiratzen digu. Auzolanaren, autogestioaren, kolektiboaren eta elkartasunaren indarra azpimarratzen du. Hamar milaka kolibri errezibitzeko, milaka xinaurri lanean hasiak dira jada aintzira inguruan. Eta bere alternatibak eraikitzen dituen herriaren irudi horrek, preziorik ez du! Dudarik ez zaila dela guraso berriak erronkez jabearaztea, boluntarioak mobilizatzea, arau berriei egokitzea... baina enbor baten gisa, belaunaldiz belaunaldi transmititu den Herri Urratsek sortutako adaxkak zenbatezinak dira.

Hauen artean da EHZ festibala. 2010ean, laguntzaile belaunaldi berriak lehen urteak ezagutu ez zituela konturaturik, Arrosako sortzaileak gomitatu genituen gurekin solastatzera. Haien aitzinekoek bultzatutako makro festaz jeloskor, «zerbait handi ere egiteko gogoa» piztu zitzaiela azaldu ziguten. Horrela sortu zen hiru eguneko musika festibala, garaiko kode eta giroan erroturik. Haziz eraikitzen den herri baten historia da gurea eta gazteria da bilakaera horren erregaia. Gauza bakar bat transmititu behar balitz, militantziaren obratzeek duten edertasuna litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.