Kattalin Miner.
LARREPETIT

Tess Asplund

2016ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Borlange hirian, Suedian, maiatzaren 1ean 300 bat neonazik manifestazio bat egin zuten, «bertako lana bertakoentzat» edo halako zerbait aldarrikatu nahian. Aurrean, ordea, espero ez zutena topatu zuten: burua haiek baina kaskamotzago zuen andre beltz bat bidea ixten, ukabila altxatuta. Tess Asplund du izena 42 urteko emakumeak, eta ez da kasualitatez handik pasatu zen emakume bat, Asplund arrazakeriaren aurkako militante ezaguna baita.

Irudia tatuatzeko modukoa da, eta irudi sekuentzia oilo ipurdia jartzeko modukoa. Hain zuzen, neonaziek pausoa firme aurrera egiten duten artean, haietako bati begirada iltzatuta geratzen zaio Asplund, eta, azkenerako, gehiago ezin jasan, eta bultzada ematen dio neonaziak.

Faxistek inpunitate eta legalitate osoz egiten dituzte haien erritual performatiboak; ez Suedian bakarrik, tamalez nik neuk bizi izan baititut urriaren 12 pare bat Bartzelonan zein Madrilen, eta hementxe diotsuet ez dudala inoiz nire erraietan Asplunden adorearen laurdenik sumatu izan.

Argazki horrek, ordea, ez du sinbolismo bat bakarrik adierazten, aukera bat jartzen digu mahai gainean, plazan; hain zuzen, beldurraren eta arrazakeriaren aurrean planto egiteko aukera bat zabaltzen du lau haizeetara. Indar betez aurrean paratu eta ezetz esateko aukera. Aurrean izango gaituztela adierazteko bidea. Bai, beldurra aldez aldatzera doan abisua.

Emakumeok, herri zapalduok, arraza gutxietsiek, besteok, historia sortu eta aldatu behar izan dugu ia beti. Asplund andrea, ordea, ez da atzo jaioa, kazetariek galde egin diotenean zergatik altxatzen ote zuen ukabila (kazetaritzaren gainbehera unibertsala da), Asplundek erantzun du 20 urte daramatzala ukabila jaitsi gabe. Borroka, beraz, ez da ekintza honekin jaio; baina gaur, ordea, badugu izen bat, badugu aurre egite bat eta badugu argazki bat, eta gorde-gordeta geratuko zaigu ukabila jaisteko prest ez gauden guztiongan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.