LARREPETIT

Erdu, amante

Goizalde Landabaso

2016ko abenduak 20
Gure amak ez zuen amarengandik euskara jaso. Haren amari trufa egiten zioten gaztelera negargarrian egiten zuenean, eta amamak amari eta osabei ez erakustea erabaki zuen. Ez da salbuespena. Marie Darrieussecq idazleak antzerako zeozer zioskun. Amak, Marie Darrieussecqek bezala, zulotzarra darama barruan. Umetan, bera txikia zela entzundako berbak esaten zizkigun: erdu, amante. Hitz soil bi ondo iltzatuta daramatzadanak. Samurtasun ikaragarria sortzen zait entzuten dudanero. Beti itzultzen gara zentimetro gutxi genuen sasoira. Iloba gazteenarekin hasi da ama bere haurtzaroko berbak ekartzen. «Erdu, amante», esaten dio iloba txikiari guri esaten zigun legez. Duela egun gutxi batzuk, baina, «ven, cariño» entzun nion. Harritu nintzen. Amak kontatu zidan umearekin jolasten ari zela parkean beste amama bat hurbildu zitzaiola zerabiltzan berba horiek «euskara txarra» zirela esanez. Hasieran, amarekin haserretu nintzen, eta atoan, neure buruarekin haserretu nintzen amarekin haserretu nintzelako. Euskaldunon artean ere pepelerdoak daudela azaldu behar izan nion. Oso besteen modukoak garela horretan, hizkuntzak ez duela zerikusirik; «Erdu, amante» euskara jatorra zela, euskaldun askok zerabiltela, eta berak ere jarraitu behar zuela erabiltzen. Izan ere, urte asko barru, bere ilobak amamaren gauza asko gogoratuko zituela, eta denen artean, umetan entzundako berba horiek izan zitezkeela. Ondo argi azaldu nion parkeko amama gangarrari zer esan liezaiokeen, eta bere oilarkeriak nondik sar litzakeen ere bai. Gure ama, baina, heziera onekoa da eta sartze kontuetan ez da sartuko.

Ez dakit nor zen parkeko beste amama hura. Pentsatzen dut gure birramamaren gaztelerari barre egiten ziotenengandik oso urrun ez dela izango. Garrantzitsuena da lehengoan amak «erdu, amante» esan ziola berriro iloba txikiari. Urak bere bidea aurkitu duen seinale.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna