Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Urgulleko urrea

2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Posizio sozialaren ikur behinola, zikina zaigu egun urrea nabarmen erakustea. Hala beharko du aldatu egin bada jendartea eta besteratu pentsaera. Mezuak areagotu egiten du eskandalua: zinez itsusia da pobreen aldeko aldarria jotzea erretaulek, argimutilek, gurutze urregorrizkoek itsutzen gaituztela. Eta hutsa eliza katolikoaren esklusiba balitz gaitza, urrea ekartzen jarraitzen baitu Europak, Potositik beharrean Amazoniatik. Suitzak bakarrik 2.500 tona inportatzen du urtero, %90 aitortu gabeko jatorrikoa. Logikoa da, nola esango da enpresa ustiatzaileek merkurioz, kloroz eta zianuroz kutsatzen dituztela lurrak, suntsitu egiten dituztela basoak eta komunitateak, zapaldu egiten dituztela giza eskubideak eta hilarazi haren kontra protesta egiten dutenak. Isilik egonda asmatu.

Kontua da, honetan ere, metalaren dirdira geure lotsa pribaturako gordeagatik, hor geratu zaigula haren arrastoa, disimulo handi gaberik. Horregatik ditugu urrezko dominak kirolari onenentzat, eta urrezko hartzak, lehoiak eta palmorriak filmarik hoberenarentzat. Baina aurki kantatuko dugun bezala lau haizetara, Donostia bakarra da munduan, ezen ea ludiko zein bazterretan hazten den urre-harria Urgullen bezain oparo: Urrezko Maskorra gutxi balitz Hiriaren Urrezko Domina egiteko beste ematen du ia urtero, eta biren faltan hiru, baita Urrezko Danborra ere.

Eta uste dut ezer gutxi eranstea dagoela sariaren kari aurten eman den ikuskuzinari Urrezko Danborrak berak erakusten duenaz gogoeta egitea besterik. Izan ere, nori eman baino, ez ote da saria bera bihurtu arazo? Ez ote dira honelako errekonozimenduak, izenetik bertatik hasita, jendartearen ikuspegi zaharkitu baten arrasto? Ez ote du merezi, ustezko glamourrak, larderiak eta harreman bertikalak bazter utzita, honetan ere beste era bateko esker-oneko formulak bilatzen hastea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.