maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Brigadak I

2017ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalista brigada kanpaina betean dagoela, nik ere baliatuko dut tarte bat heldu den udarako propaganda pixka bat egiteko.

Joan den udan izan ginen lau lagun Brasilgo hegoaldean, MST mugimendua eta laborari munduko borroka ezagutzen. Haien eskuzabaltasunaz eta izaera abegikorraz maiteminduta gelditzeaz aparte, anitz ikasi genuen Brasilen eta, oro har, Latinoamerikako leku ugaritan dagoen problematikaz: lur asko, baina gutxiren eskuetan egotearen arazoaz. Brasilen, zehazki, lurren %51 biztanleen %1en eskuetan zeudela erran ziguten bertako militanteek.

Biztanleriaren beste zati handi bat arrotzen lurretan ia esklabo modura ari da lanean, edo ordaindu ezin dituen lurretan maizter, ala hirietako favela auzoetara alde egina, landa eremuan bizimodua atera ezinik. Horri aurre egiteko lurrak okupatu eta kanpalekuak eraikitzen dituzte horietan, gero estatuari presio egin eta kokaleku bilakatzeko, hots, gobernuak funtzio sozialik ez duten lurrak desjabetu eta herriaren eskuetan utz ditzan.

Kanpora joaten zarenean ohikoa omen da beste lurralde eta pertsonak ezagutuz zureari buruz gogoeta gehiago egitea. Gure artean ere eztabaidak geneuzkan: Euskal Herrian latifundiorik ba al da? Zein da lurrarekiko daukagun problematika? Noren eskuetan daude lurrak, eta nork lantzen ditu? Eta zer egin behar dugu gai horri dagokionez?

Agian horretan dabilenak errazago erantzunen die galderei. Baina, ingurura begiratuta, nik behintzat irudipena dut ez dela hainbestekoa lurraren jabetzaren arazoa (eta, hala bada, gu ere has gaitezke lurrak okupatzen). Nire inguruan behintzat, garai batean baratzez beteriko lurretan orain jende zaharrak segitzen du soilik lanean. Eta, salbuespen batzuk gorabehera, irudipena dut lurrak bai, baina ez dugula horiek lantzeko hainbesteko gogorik, denborarik ala borondaterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.