Danele Sarriugarte.
LARREPETIT

Ezagun

2015eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Kanpoan ibili naiz pasa den asteburuan, aspaldiko partez, neuk hautatutako toki eta konpainian, deskonektatzeko eta gozatzeko baldintza hoberenetan, eta oparoa izan da txangoa oparoa izan denez, baina ez trena hartu aurretik espero nuen moduan, baizik eta oporraldiaren gozoa baino are aspaldiagotik sentitzen ez nuen zurrunbilo-mota biziarazi didalako nire egunerokotik ateratze zehatz horrek.

Egiari zor, ezagutzen nuen dagoeneko hiria, ondo-edo, esan dezagun beste nolabait, ibiltari amorratu eta diziplinatua izan ezean hiri bat ezagutu dezakezun hobekien ikusiak nituela bertako bazterrak, kontuan hartuta noski nonbaitekoa naizela eta noizbaitekoa eta zerbaitzuk ditudala gustuko eta beste hainbat gorroto, horien guztien gurutzaketak baldintzatzen ninduenaren arabera aipa nitzakeela hamaika txoko autentiko eta bixi braustakoan.

Eta, orduan, ezagun nuen hiri hartan, gustuko dudan jende horrekin, egokitu zitzaidan a priori eta teorikoki inongo arazorik sortu beharko ez lidakeen toki batera joatea; ez hori bakarrik, toki batera joatea non bete egiten ziren niri neuri boterea eta kapitala emango bazenidate zalantza-izpirik gabe eta derrepentean ezarriko nituzkeen printzipioetako asko; laburbilduz, ideologikoki bat nentorrela denarekin oso; paradisu bat, oasi bat, burbuila bat behar zukeela izan lekuak, alegia, eta, ordea, han fortunatu nintzela, atetik sartu eta berehala, zer egin ez nekiela, gorputza mugitu ezinda, erabat blokeatuta.

Kodea kontrolatzea zer izan daitekeen, zure kontra matxinatzen ez denean batez ere. Erreakzionatzen ikasi dugulako oro har, ezarritakoari aurka egiten, etsaikeriaren sendoaz jabetuta horren aurrean sorgor ez geratzen; bidean, baina, ez ote ditugun, akaso, aukeren aukerak mugatu, ez ote zaigun, agian, eraikitzeko gaitasuna sobera uhertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.